BRASIL

Rousseffen auziari oniritzia eman dio Senatuko batzordeak

Presidentea behin betiko kargutik kentzeko aholkatzen duen txostena onartu du, "Konstituzioaren aurka" egitea leporatuta. Irailaren hasieran hartuko dute erabakia.

Renan Calheiros Senatuko presidentea, Ricardo Lewandowski Auzitegi Goreneko presidentea eta Raimundo Lira senataria. CADU GOMES / EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko abuztuaren 5a
16:43
Entzun

Olinpiar Jokoen segurtasuna zalantzan jar lezakeen beste arrazoi bat eman du Brasilgo krisi politikoak: Dilma Rousseff presidente kargutik kendu izanaren auziak ez du atzera itzulerarik, kasua aztertzen duen Senatuko batzordeak hala erabaki duelako. Izan ere, Antonio Anastasia kasuaren instruktoreak egindako txostena ontzat jo du batzordeak. Haren kontrako akusazioek «indar handia» dutela dio txostenak. Besteak beste, «Konstituzioaren aurka egitea» leporatzen dio. Erabakia hartzearekin batera manifestariek ohikoak dituzten lekuetan segurtasun neurri bereziak hartu dituzte.

Impeachment-aren prozesu korapilatsua espero baino azkarrago doa, eta auzi politikoa abuztuaren 26an izango da. Irailaren 1ean edo 2an emango dute senatariek behin betiko erabakia, bidean ezer nahasten ez bada. Erabakia hamalau senatarik babestu dute, eta bostek soilik egin dute kontra. Behin batzordeak onartuta, Senatuak berak bozkatuko du datorren asteartean, eta nahikoa izango da gehiengo sinplea lortzea, alegia, 81 senataritik 41en aldeko botoa. Horrela balitz, Ricardo Lewandowski Auzitegi Goreneko presidenteak Senatuko osoko bilkurara daituko du abuztuaren 26rako, eta bilkura horretan gehiengo kualifikatua beharko du erabakiak. Bost egunean jakingo da Rousseff kenduko duten, Olinpiar Jokoak amaitu eta bost egunera.

Prozesua azkartzeko arrazoiak ez dira ofizialki jakinak, baina senatuko iturrien arabera, Michel Temer jarduneko presidenteak horrela nahi izan du. Rousseffen presidenteorde izandakoak, ustez G20ko goi bileraren aurretik erabaki nahi du, hara presidente gisara joateko. Bilera hori irailaren 4an eta 5ean izango da.

Temerren aldekoek, ordea, ukatu egin dute baieztapen hori. «Prozesua erabateko neutraltasunarekin eramaten ari da», azaldu du PMDBko alderdikide eta Senatuko buru Renan Calheirosek.

Baina itxura guztien arabera, Rousseffek hiru hilabete kargutik kanpo egin ondoren, ez da presidentetzara itzuliko, eta kargutik kentzen duten Brasilgo bigarren presidentea izango da. Fernando Collor de Mello (1992) izan zen lehena. Oposizioak ziurtzat jotzen du 60 boto dauzkala boteretik kanporatzeko: 54 behar ditu.  Rousseffen aldekoek, ordea, esperantza ez dute galtzen.

Prozesu nahasia

Dilma Rousseffen aurkako prozesu politikoa abiatu zenetik, bata bestearen atzetik izan ditu astinaldiak Brasilgo politikak. Arrazoiak ere zalantzan daude: Kongresuaren baimenik gabe aurrekontu publikoa handitzea leporatzen diote, baina hori egitea ez da kargutik kentzeko modukoa; prozesu administratiboa zabaltzea nahikoa litzateke. Zergatiaz gainera, prozesua bera zalantzan jarri izan dute:  Waldir Maranhao Diputatuen Ganberako presidenteak Rousseffen aurka apirilaren 17an egindako bozketa baliogabetzat jo zuen maiatzaren 10ean, baina, hurrengo egunean. Apirilaren 17an auzi politikoaz erabakitzeko bozketan irregulartasunak egon zirela argudiatu zuen; diputatu askok bozkatu aurretik jakinarazi zutela botoa, eta alderdi batzuek diputatuei zer bozkatu esan zietela. Oposizioak, ordea, Auzitegi Gorenera jo zuen Ganberako jarduneko presidentearen gehiegikeria bat zela argudiatuta.  PT Rousseffen alderdia ere saiatu da prozesua geldiarazten, baina ez du lortu.

Brasilgo politika bitan banatuta dago, eta herritar askok batera edo bestera egiten dute, baina Michel Temer jarduneko presidenteak ere ez ditu herritar gehienak konbentzitzen. Datafolhak egindako azken inkestaren arabera, herritarren %62k hauteskundeetara deitzea nahi dute, eurek erabaki dezaten presidentea, ez gaiztotuta, interesez betea eta eta ustelkeriaz zipriztindua dagoen klase politikoak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.