BRASIL

Rousseffi epaiketa politikoa egitea onartu du Brasilgo Parlamentuko batzorde bereziak

38 kidek onartu zuten parlamentuak presidentea epaitzea, eta 27k, berriz, kontra bozkatu zuten.

Rousseff, Rio de Janeiroko museo baten inaugurazioan, abenduan. ANTONIO LACERDA / EFE
Adrian Garcia.
2016ko apirilaren 12a
11:55
Entzun

Epaiketa politikoak aurrera egiteko beharrezkoa da Ordezkarien Ganberako bi herenek alde bozkatzea. Alegia, 513 diputatuetatik 342k babestu beharko lukete. Horrenbestez, Rousseffek 172 diputaturen sostengua behar du kargua ziurtatzeko. Nahikoa luke diputatu horiek saiora aurkeztuko ez balira, kontra bozkatuko balute edo abstenituko balira, impeachment-a (kargugabetze prozesua) artxibatu dezan parlamentuak.

Parlamentuaren galbahea igaroz gero, Senatuak hartuko luke auzia. 81 senatarik osatutako ganberak nahikoa luke gehiengo sinplearekin baiezkoa ematea. Horrela gertatuz gero, epaiketa hasiko litzateke, eta Rousseffek 180 egunez utzi beharko luke kargua Kongresuak prozesua burutu artean.

Rousseffi defizit fiskala makillatzea egozten diote, 2014. urtean baimendutakoa baino gehiago gastatu zuelakoan. Gobernuak, ordea, eskuinak antolaturiko kolpetzat du prozesua.

Lau alderditako 94 diputatuk dagoeneko adierazi diote sostengua presidenteari: PTko 57k; Alderdi Demokratiko Laboristako 20k, Brasilgo Alderdi Komunistako 11k eta Alderdi Sozialista eta Askatasuneko seik. PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiak ofizialki gobernua utzi eta PTrekin harremanak hautsi arren, hainbat alderdikidek ez dute Rousseffen aurka egingo. Izan ere, PMDBko zazpi ministroetatik seik gobernuan jarraitzen dute, alderdiaren aginduei entzungor eginda. PMDB da parlamentuko indar nagusia, eta Michel Temer presidenteordea da alderdiko buruzagia. Hain zuzen ere, Rousseffen aurkako auzi politikoa aurrera ateraz gero, hark hartuko luke estatu buruzagitza behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.