Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak 10:30etarako deitua zuen ERCko idazkari nagusia, haren aurkako auzipetze aginduaren berri emateko eta jakinarazteko espetxera joango zen edo ez. Ordea, erbesteratzea erabaki du Marta Rovirak, hala jakinarazi du militanteei bidalitako idatzian: "Erbestea bide gogorra izango da, baina horixe da modu bakarra nire ahots politikoa berreskuratzeko. Horixe dut modu bakarra PPren gobernuaren kontra jaikitzeko, zeina jazartzen baitzaio bozkatzearen alde dagoen orori, baita zigorra ezarri ere lehendik ezarririkoa eta orain ezarirrikoa aldatzen saiatzen den edonori".
Azken asteetan "askatasunik gabe" sentitu dela dio Rovirak, eta auzitegien "jazarpen politikoa" salatu du. "Egunero, orduero sentitzen nuen askatasuna mugatzen zidatela mehatxu judizial arbitrario batzuek. Ez nintzen libre sentitzen. Ez nuen ezagutzen neure burua".
Azken ohar bat ere egin die Rovirak militanteei: "Ez utzi gorrotoari zuengan nagusitzen". Eta esan die jarrai dezatela errepublika eraikitzeko elkarlanean. "Herritar guztiak eta iritzi guztiak errespetatzea eta maitatzea da modu bakarra errotiko aldaketa sakonak egiteko".
Atzoko inbestidura saioa amaitu ostean diputatu akta utzi zuen Rovirak. Gauza bera egin zuten gaur deklaratzera deitutako Dolors Bassa eta Carme Forcadell ERCko diputatuek ere.