Ruandako genozidioagatik espetxe zigorra jaso dute bi ministro ohik

Bakoitzari 30 urteko kartzela zigorra ezarri diote; beste bi ministro ohi aske utzi dituzte, frogarik ez zegoelako

Erredakzioa
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak errugabetzat jo ditu Casimir Bizimungu Osasun ministro ohia eta Jerome Clement Bicamumpaka Atzerri ministro izandakoa, haien aurka egiteko nahiko froga ez dituelako. 1994. urtean Ruandan 800.000 hildako inguru utzi zituen genozidioan zerikusia zutelakoan egin diete epaiketa. Garai hartako beste bi ministrori, berriz, Justin Mugenziri eta Prosper Mugiranezari, 30 urteko espetxe zigorra ezarri diete «genozidioa publikoki bultzatzeagatik».

NBE Nazio Batuen Erakundeak sortu zuen Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegia 1994. urtearen amaieran, genozidioaren erantzuleak epaitzeko. Lau ministro horiek duela hamabi urte atxilotu zituzten, eta epaiketa 2003tik 2008ra egin zieten, epaia orain eman badute ere —339 saio egin zituzten, eta 171 lekukoren adierazpenak jaso zituzten—. Hala, espetxe zigorra jaso duten bi ministro ohiek zigorraren bost urteko beherapena eskatu dute, epaiaren atzerapenagatik.

Ruandako genozidioa

Ruandako biztanleriaren gehiengoa hutuak dira, eta tutsiek gutxiengoa osatzen dute. Belgikarekiko independentzia lortu zutenetik hutuak egon dira beti agintean. 1994. urtean, ordea, Juvenal Habyarimana hil zuten, Ruandako orduko presidentea; misilekin eraso egin zioten hura zihoan hegazkinari. Behin-behineko gobernua osatu behar izan zuten orduan, eta atentatuaren osteko ehun egunetan ikaragarrizko genozidioa egin zuten. Guztira 800.000 lagun baino gehiago hil zituzten.

Trantsiziorako Gobernuari irrati bidez tutsien aurkako mezuak bidaltzea egozten diote, hutuak haien aurka borroka egitera bultzatzeko. Genozidioaren bultzatzaileak izatea leporatzen diote, hala. Presidente ohiaren alargun Agathe Habyarimanari ere leporatzen diote genozidioa bultzatu izana. Frantzian bizi da, eta joan den asteazkenean Parisek baztertu egin zuen Ruandak hura estraditatzeko egindako eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.