Ruandako genozidiotik ihes egindako milioi bat hutu hil zituzten Kongon

NBEko txosten batek genozidio zantzuak daudela dio, epaia auzitegi batek eman behar duela esan arren

2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan milioi bat hutu hil zituzten 1993 eta 2003 bitartean. Ruandako genozidiotik ihes egindakoak ziren, eta erbestean ere beste genozidio bat ezagutu zuten. NBE Nazio Batuen Erakundeak, atzo argitara emandako txostenean, bederen, gertakari horietan genozidio zantzuak ikusi ditu. Navi Pillay NBEko Giza Eskubideen goi komisarioak hainbat astez atzeratu behar izan du txostenaren plazaratzea, baina azkenean abuztuan komunikabideetara filtratu zen zirriborroaren benetako alearen berri eman du: «Ez dago zibilek sufritu zituzten lazturak hobeto deskribatzen dituen txostenik».

NBEk 2005ean ekin zion gertaera haiek ikertzeari, eta, horretarako, giza eskubideetan adituak diren hogei lagunek hartu dute parte; euren zuzendaritzapean 33 lan talde eratu zituzten, eta orain 550 orrialde dituen txostena osatu dute. 1993ko martxoa eta 2003ko ekaina bitartean jazotako 617 gertaera larri jaso dituzte, eta, horretarako, 1.280 lekukoren hitzak eta 1.500 dokumenturen pasarteak jaso dituzte.

Genozidio zantzuak ikusi baditu ere, epaia horretarako eskuduntza duen auzitegi batek eman behar duela zehaztu du Pillayk. Gerra krimen edo gizateriaren aurkako krimen gisa emanak diren 617 gertaera zerrendatuta dauzka, beraz, txostenak. Kongora ihes egindako hutuak izan ziren krimen horien biktimak. «Eraso gehienek zibilak izan zituzten jomuga, emakumeak eta haurrak bereziki». Ruandako eta Burundiko hutuak ziren, eta armadak eta miliziak -tutsiz osatutakoak- egin zituzten basakeriak. «Iheslari hutuak topatu zituzten herri guztietan, hots, lurraldearen eremu zabal batean, eraso sistematikoak, metodikoak eta oso pentsatuak egin zituzten».

Kongon bizi diren tutsiek milizia bat osatu zuten. Laurent Kabilak eratu zuen AFDL Kongo Askatzeko Indar Demokratikoen Aliantza. Ruandako Gobernuak babesa eman zien miliziei, eta armadarekin batera aritu ziren sarraskiak egiten.

Kongoko Errepublika Demokratikoa Zaire zen anartean, eta aurreneko inbasioa 1996an izan zen. Ruandako 1994ko genozidiotik ihes egindako miliziako hutuak zirela argudiatuta okupatu zuten herrialdea tutsiek. 1996. eta 1998. urteen artean iraun zuen aurreneko okupazioak, eta urte horretan izan zen bigarrena.

NBEren txostenak zalaparta eragin du. Kongoko enbaxadoreak «izugarrikeria horien inguruan harridura» azaldu du, eta txostena «zehatza eta sinesgarria» dela esan ondoren, «justizia» nahi dutela aldarrikatu du: «Biktimei justizia zor zaie, eta eurek adierazitakoa aditu eta aintzat hartu dadin merezi dute».

Ruandak, berriz, gogor salatu ditu ikerketaren ondorioak. Louise Mushikiwabo Atzerri ministroak txostena «zaborra» dela adierazi du: «Gaiztoa eta arrisku eragilea da, burutik buru». Kigalik gogor salatu du, «erakundearen barrutik zein kanpotik eginiko azpilanak, historia berridazteko asmoan eta genozidioaren erantzukizunak modu okerrean banatzeko asmoan». Mushikiwaboren iritzian, txosten honek aintzira handien eskualdean finkatuta dagoen bakea eta egonkortasuna kolokan jar dezake. Ruandak, bien bitartean, bake misioetan dituen kasko urdinak erretiratzeko mehatxua egin zuen txostena plazaratu aurretik.

Angolako eta Burundiko militarrek krimenetan esku-hartzerik izan zutela ere nabarmendu du txostenak. Kigaliren ildo beretik, akusaziook ozen arbuiatu zituzten atzo Luandak eta Bujumburak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.