Paul Rusesabagina

"Ruandan alde bakarreko justizia egon da, irabazleena"

Nahi gabean bilakatu zen heroi Rusesabagina. Milatik gora lagun ezkutatu zituen Kigaliko Mille Collines hotelean, genozidiotik salbatzeko, bere burua arriskuan jarriz. Horrek eta sarraskiaren bestelako interpretazio bat bultzatzeak betiko erbesteratu dute jaioterritik.

jarraia90564.jpg
arantxa elizegi egilegor
2014ko apirilaren 7a
21:07
Entzun

Aita hutua zuen Paul Rusesabaginak (Murama, 1954), eta ama, berriz, tutsia. Baina horrek ez zion arazorik sortu haurra zela, berak dioen moduan, ez batak ez besteak ez ziolako etniari garrantzirik ematen. "Zoriontsu izan nintzen; beste edozein haurren modura ibiltzen nintzen". Urteak joan ahala, ordea, tentsio giroa handituz joan zen, 1994an lehertu zen arte. Ruandan zegoen Rusesabagina milioi inguru pertsonaren heriotza eragin zuen genozidioa piztu zenean.

Hotel Rwanda filmak eman zuen ezagutzera Rusesabaginaren istorioa. Pelikula estreinatzearekin batera, ordea, Ruandako ateak itxi zitzaizkion, egun Paul Kagamek zuzentzen duen gobernuak ez zuen gustuko izan garai batean hoteleko gerentea zenaren ikuspuntua, eta egun giza eskubideen ekintzaile bilakatua da. Hain zuzen ere, gaur betetzen dira hogei urte Ruandako presidente hutua, Juvenal Habyarimana, eta Burundiko estatuburua  Cyprien Ntaryamira zeramatzan hegazkina tiroz bota zutela. Gaur oraindik erasoaren egiletzaren inguruko zalantzak dauden arren, orduan milizia tutsiekin lotu zen hilketa. Atentatuaren atzetik etorri ziren sarraskien emaitza izan zen milioi bat hildako utzi zituen genozidioa.

Nolakoa zen genozidioa gertatu aurreko giroa?

Tentsio handia zegoen hutu eta tutsien artean. Ez dugu ahaztu behar genozidioa gerra zibil baten ondotik etorri zela. 1990eko urriaren 1ean lehertu zen botereagatikako borroka bi etnien artean. Gerra zibil horrek egoera muturrera eraman zuen, zeren, askok gogoan izango duten moduan, Burundin, non jendea baketsu bizi zen hizkuntza bera hitz eginez eta kultura bera partekatuz, hutu bat aukeratu zuten presidente, eta tutsiek hil egin zuten. Horren ondotik etorri ziren hilketak, borrokak eta sarraskiak, bata bestearen atzetik, urte batzuk lehenago arte inolako oztoporik gabe elkarrekin bizi ziren hutu eta tutsien artean. Dena den, inor ez zen harritu liskarrak piztu zirelako; denok genekien lehenago edo beranduago gertatuko zela halako zerbait.

Ez da hori berehalakoan ahazten den bizipena.

Ez. Genozidio bat jasaten duenak ez du inoiz ahaztuko. Ikusten duzunean nola egunero 10.000 lagun hiltzen dituzten, Ruandan, zure herrian, ezin duzu ahaztu. Betiko edukiko dituzu irudi horiek buruan iltzatuta, bezperan gertatu izan balira bezala.

Zergatik erabaki zenuen jende hari laguntzea Mille Collines hotelean lanean ari zinenean?

Halako egoera bat pasatzen duzunean, ez dituzu erabakiak bi aldiz pentsatzen. Ezin duzu, ez dagoelako denborarik hausnarketarako. Sentitzen duzuna egiten duzu, bihotzak agintzen dizuna egiten duzu, ez baitago tarterik burua lanean jartzeko. Eta hala egin nuen nik ere, zertan ari nintzen askorik pentsatu gabe. Hori da dena. Gero konturatzen zara arriskuan zaudela eta arriskuan jarri duzula zure familia ere. Baina unean bertan ez duzu pentsatzeko denborarik.

Iturri ofizialek diote tutsiek boterea bereganatu zutenean amaitu zela genozidioa. Hala da?

Ez. Sarraskiak izan ziren gero ere. Nazio Batuen Erakundeak tutsien genozidioa deitzen duen hori, Ruandako Gobernuaren arabera, 1990ean hasi zen, eta 1994ko abenduaren 21ean amaitu; aldiz, nazioartearentzat urte horretako urtarrilaren 1ean hasi zen, eta abenduaren 21ean bukatu. Eta tutsiek uztailean hartu zuten herrialdea kontrolpean, baina sarraskiek jarraitu egin zuten. Tutsiek boterea eskuratu zutenean, zibilak hiltzen jarraitu zuten, aurretik hutuek egin zuten moduan, eta haien gorpuak erretzen, inork gertatzen ari zenaren berri izan ez zezan. Hiltzaileak aldatu ziren, baina hilketak izan ziren.

Egin da benetako justiziarik Ruandan?

Tamalez, oraindik ez. Genozidioaz hitz egiten dugunean ez dugu inoiz ahaztu behar gerra zibila zegoela Ruandan. Hutuak eta tutsiak boterea lortzeko borrokan ari ziren, eta nazioarteko giza eskubideen erakundeek egindako ikerketei esker jakin badakigu hutu eta tutsiak zeudela hildakoen artean, baina soilik hutuak zigortu dituzte hilketengatik; bakarrik tutsien aurkako krimenak hartu dituzte kontuan epaitzerakoan. Zergatik? Irabazleek egiten dute justizia, eta Ruandan, neurri batean behintzat, tutsiak atera ziren garaile, nahiz eta boterea odolarekin ordaindu. Hildako hutuen senideek ez dute inoiz justiziarik izan, nahiz eta jakin tutsiek ere egin zituztela gizateriaren aurkako krimenak.

Eta nazioarteko epaitegiek? Ez zuten ezertarako balio izan?

Egon zen, bai, epaiketarik, baina haiek ere tamalgarriak izan ziren, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak krimenak egin zituzten hutuak bakarrik zigortu zituelako. Baina krimenak egin zituzten tutsiak aske daude oraindik. Beste era batera esanda, nazioarteak Ruandako Gobernuak hasitako bideari jarraitu dio, itxurazko justizia eginez, hutuen artean hiltzaileak eta biktimak egon ziren modu berean egon zirelako tutsien artean ere.

Nazioarteak badu erantzukizunik Ruandan gertatutakoaren inguruan?

Ezin dugu nazioartea genozidioaren erantzule egin, baina bai justiziarik ez egotearena, nazioarteko justizia epaitegiek ez baitute euren lana egin Ruandan,  hitzeman zioten justizia ez baitiote eman. Alde bakarreko justizia soilik egon da Ruandan, irabazleena.

Irabazle horietako bat da egungo presidentea, Paul Kagame.

Haren politikak ez dira besteenetatik oso desberdinak. Hura ere diktadore bat da, zeinaren agindupean milioika lagun hil dituzten Kongon. Giza eskubideen erakundeek egindako txostenek zazpi milioi hildako aipatzen dituzte, baina gehiago dira askoz ere. Txosten horiek Kongon bortxatuak izan diren emakume eta haurrak ere aipatzen dituzte, baita tutsiek hildako milaka hutu ere, zibilak gehienak, haurrak asko. Eta ez gara ari duela hogei urteko kontuez. Txostena 2010ekoa da, duela hiru urtekoa. Kagame da gure mende honetako hiltzaile handienetako bat.

Eta, hala ere, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide izendatu zuten Ruanda 2012. urtean.

Hori ez da harritzekoa. Pentsa, 1994an ere Ruanda Segurtasun Kontseiluko kide zen. Horrek ez zuen orduko gobernua geldiarazi sarraskiak bultzatzeko garaian, eta ez du Kagamerena ere geldiaraziko. Zigorrak egon dira bai batzuen eta besteen kontra, baina Ruandak miliziak trebatzen eta elikatzen jarraitzen du, egunero dozenaka lagun hil eta bortxatzen dituzten miliziak.

Itzuli zara Ruandara genozidioaz geroztik?

Hotel Rwanda filmean bestela kontatzen den arren, ez nintzen herrialdetik joan genozidioa amaitutakoan. Denbora bat geratu nintzen bertan, hotela garbitzen eta gauzak antolatzen. 1996ko irailaren 6an alde egin nuen, nire aurkako atentatu saio batetik bizirik irten ostean. Zorte handia izan nuen egun hartan. Gerora, 2003. urtean itzuli nintzen, filmeko zuzendariarekin eta taldeko beste kideekin. Nirekin egon nahi zuten guztia gertatu zen tokian, pelikula egiatik ahalik eta gertuen egon zedin. Han egon ginen hilabete pasatxo, filmatzen eta testigantzak jasotzen. 2004ko uztailean itzuli nintzen bigarrenez, nire seme-alabekin. Haiek 3 eta 4 urte zituzten Ruandatik joan ginenean, eta euren jaioterria ezagut zezaten nahi nuen, jakin banekielako filma estrainatuz gero ezin izango ginela gehiago itzuli.

Zer helbururekin sortu zenuen Hotel Rwanda Rusesabagina Fundazioa?

Pozten naiz hori galdetzen didazulako. Proiektu pertsonala zen hasieran. Genozidioa amaitu berritan bertako haurrei laguntzen hasi nintzen. Eskolara joan zitezen ahalegintzen nintzen, eta alargunei laguntza psikologikoa ematen nien.

Filma estreinatu ostean sortu nuen egun Hotel Rwanda Rusesabagina Fundazioa dena, helburu berarekin. Filma, ordea, ez zen izan Ruandako agintarien gustukoa, aurretik isildutako giza eskubideen urraketak salatzen zituelako, eta hura estreinatu eta berehala persona non grata izendatu ninduten. Baina izan ziren eraso larriagoak. Fundazioak sortua zuen talde bat Ruandan bertan aritzen zena haurrei eskolak ematen. 600 haur inguru joaten ziren eskola horietara. Nik ez nituen, noski, haiek ezagutzen, ez bainintzen bertan egona. Baina Ruandako Gobernuak jakin zuen haiei laguntzen ari ginela, eta gure taldea herrialdetik kanporatu zuten. Haurretako asko, berriz, desagertu egin ziren, eta, noski, eskolak amaitu egin ziren, baita gazte haiek aurrera egiteko zituzten aukera eskasak ere. Hori dela eta, nire lehentasunak aldatu nituen. Ordutik, nazioarteak lagunduko duen egia eta baketze prozesu bat bultzatzeko lanean nabil, Ruandara benetako bakea eramango duena, gatazkak armen bidez soilik konpontzen direla uste dutelako ruandar askok. Hori da, finean, fundazioaren helburua; hau da, ahotsik ez dutenei ahotsa ematea, ez bakarrik Ruandan, baita gatazkan dauden beste herrialdeetan ere.

Zer da Ruanda zuretzat?

Dena [telefonoz ere nabari zaio emozioa]. Nire bizitza da. Han jaio nintzen, han ikasi nuen oinez, eta han dago nire eskola izandakoa. Han ezagutu nuen emaztea, eta han egin nuen nire ibilbide profesionala ere. Nire etxea da, eta faltan sumatzen dut etxe hori. Hango mendi ederrak, eta ubide sakonak. Hango natur parke ikusgarriak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.