Rubalcabak dio gizarteak bizkarra eman diola PPri Andaluzian eta Asturiasen

IUk gorakada handia izan du Andaluzian; Asturiasen argitzeko dago nork gidatuko duen gobernua

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Andaluziako bozetako porrota gozo ospatu du PSOE alderdi sozialistak. Inkesta guztiek deskalabrua iragartzen zuten; Espainiako azken gotorlekua galduko zutela zioten, eta PPk eskuratuko zuela Sevillako agintaritza gehiengo osoz. PPk irabazi badu ere, ez du sozialistei gobernua kentzeko adina babes lortu. Izan ere, IUren gorakadak Jose Antonio Griñan Andaluziako egungo presidenteari karguan jarraitzea ahalbidetuko dio, ados jartzen badira. Alfredo Perez Rubalcabak ziklo aldaketa iragarri du emaitzak jakinda, eta gizarteak Mariano Raxoiren gobernuari bizkarra eman diola uste du. «Espainiarrek PPri 'hemendik ez' esan diote».

IUko koordinatzaile nagusi Diego Valderasek, dena den, ez du oraindik argitu PSOEri babesa emango dion. «Ez dago ezer idatzita». Hamabi eserleku eskuratu ditu IUk legebiltzarrean, etaPSOEren 47ei gehituta aise gaindituko lukete gehiengo absolutuaren 55eko langa. PP, berriz, gehiengotik bost eserlekura geratu da. UPDk ez du ordezkaririk lortu, duela lau urte baino 100.000 boto gehiago lortu baditu ere.

Laugarren aldiz Andaluziako hauteskunde autonomikoetan aurkeztu ondoren, Javier Arenas PPko hautagaiak ezin izan du garaipena ospatu. Guztia alde zuten popularrek, eta gobernua osatzeko adina boto eskuratuko zituztela ziurtzat jotzen zuten, jendaurrean neurritsu agertzen ahalegindu ziren arren. Baina alderdia ahulduta ailegatu da hauteskunde autonomikoetara Raxoiren gobernuak ehun egun bete eta gero. Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroaren hitzetan emaitzek ez dute Raxoiren porrota adierazten, «garaipen erlatiboa» baizik. Gobernuak oso neurri zailak eta inpopularrak hartu behar izan dituela aitortu du, baina lan horretan jarraituko dutela dio, «egin beharrekoa» dela argudiatuta.

177 botoren faltan

Asturiasen, berriz, alderdirik bozkatuena izan da PSOE eta hamasei eserleku eskuratu ditu. Atzerrian bizi direnen botoak zenbatu arte ez dute erabakiko nork izango duen gobernurako txartela. 177 boto eskuratu behar dituzte sozialistek PPk eta Foro Asturiasek bat eginda ez dezaten gehiengo absolutua lortu. Gobernua osatezko, IUren eta UPDren babesa beharko luke Javier Fernandez sozialistak. Asteazkenean emango dituzte behin betiko emaitzak. Galtzaile nagusia Francisco Alvarez-Cascos PPko idazkari nagusi ohia izan da. Hark sortutako Foro Asturiasek hamahiru eserleku lortu ditu—2011n baino hiru gutxiago—, eta gobernua gal dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.