Ibrahim Rugova Kosovoko Liga Demokratikoko buruak eta orain arteko presidenteak irabazi zituen larunbatean egin ziren Kosovoko Legebiltzarrerako hauteskundeak, botoen %45,3rekin. Bigarren lekuan Hashim Thaci ekintzaile ohia buru duen Kosovoko Alderdi Demokratikoa geratu da, botoen %28,65ekin eta hirugarren, berriz, Ramush Haradinaj ekintzaile ohiak zuzentzen duen Kosovoren Etorkizunerako Alderdia, botoen %8,28rekin.
UNMIK Nazio Batuen Erakundeko Kosovo Misioaren datuen arabera, hautesleen %53k hartu zuten parte bozetan. Hala ere, lurralde horretan bizi diren serbiarren %1 soilik joan ziren bozkatzera. Gehienek boikota egin zioten hauteskundeei, Serbiako buruzagi nazionalistek eskatu bezala. Bozkatzea Kosovoren independentziaren alde egitea zela esan zuten Serbiako alderdiek. Serbiarrak lurraldea Belgraden menpe egotearen aldekoak dira.Soren Jessen-Petersen Nazio Batuen Erakundeak Kosovon duen ordezkariak boikotaren aldeko kanpaina salatu zuen. Baina zenbait serbiar bozkatzera joan zirela nabarmendu zuen: «Aurrera egitea lortuko dugu. Ez bakarrik bozkatzera joan direnen laguntzarekin. Baita joan nahi zuten arren, beldurrarengatik etxean gelditu direnen laguntzarekin ere». Egun Nazio Batuen Erakundeak administratzen du Kosovo. «Parte hartzea handiagoa izan balitz, aniztasun etniko eta demokratikotik gertuago egongo litzateke Kosovo», esan zuen Joschka Fischer Alemaniako Atzerri ministroak. Albaniarren eta serbiarren arteko elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu zuen Fischerrek.
Legebiltzarra
120 diputatuk osatzen dute Kosovoko Legebiltzarra. Baina eserleku horietatik 20 gutxiengo etnikoentzako dira. Erdiak serbiarrentzako eta beste erdiak beste etnientzako. Boikota dela eta, ordea, ordezkari serbiarrek ez dute erabaki Legebiltzarrean parte hartuko duten.
Kosovo eta Metohiako Zerrenda eta Serbiako Herri-Ekimena izan dira bozetara aurkeztu diren alderdi serbiar bakarrak. Bien artean mila boto inguru lortu dituzte denetara. Beraz, alderdi bakoitzak jasotako botoen araberako ordezkari kopurua izango du Legebiltzarrean. Oliver Ivanovic Kosovo eta Metohiako Zerrenda alderdiko buruak boikotak «ondorio larriak» eragingo zituela iragarri zuen herenegun. Kargua onartuko duen ez zuela erabaki esan zuen atzo Ivanovicek. Dragisha Mitrovica alderdi bereko kideak, aldiz, eserlekuari uko egingo ziola iragarri zuen atzo. Serbiako Herri-Ekimena alderdiko kide guztiek, bestalde, Legebiltzarrera joango direla iragarri zuten. Jaap de Hoop Scheffer NATOko idazkari nagusiak azaldu zuenez, Kosovoren estatusari buruz hitz egiten hasi aurretik, Gobernu berriak NBEk jarritako zortzi baldintzak bete beharko ditu. Belgradekiko harremanak hobetzea, bazterketarekin bukatzea eta serbiarren segurtasuna bermatzea dira baldintza nagusiak.
KOSOVO
Rugovaren alderdiak irabazi ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak
Serbiarrak beren eserlekuei uko egitea aztertzen ari dira, larunbateko bozei boikota egin ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu