Katalunia

Rull eta Turull behin-behinean aske uztea baztertu du Llarenak, Torraren izendapenak argudiatuta

Kontseilari kargua hartzeko behin-behinean aske uztearen kontra agertu da, izendapen horrekin leporatzen zaien delitua berriz ere egiteko arriskua dutela argudiatuta.

Josep Rull eta Jordi Turull Kataluniako kontseilari ohi espetxeratuak, joan den martxoan, Kataluniako Parlamentuan. QUIQUE GARCIA, EFE
2018ko maiatzaren 22a
07:04
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidenteak Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari izendatu izanagatik, diputatu espetxeratuak behin-behinean aske uzteko eskaria baztertu du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak. Ez ditu aske utziko, leporatzen zaien delitua berriz ere egiteko arriskua dutela iritzi baitio.

Llarenak azaldu duenez, arriskua "areagotu" egin da Torrak "legez kanpo deklaratutako errepublika independentea sustatzeko" asmoa agertu duela eta. Epaileak gaineratu du joan den ostegunean Goreneko helegite aretoak behin-behineko askatasuna ukatu ziela Rulli eta Turulli eta epe labur horretan ez dela aldaketa esanguratsurik gertatu, delitua berriz egiteko arriskuari dagokionez.

Llarenaren esanetan, bi kontseilari ohi espetxeratuen asmoa Kataluniako independentzia lortzeko "legez kanpoko plana ezartzen jarraitzea" da, herrialdeko "erakundeetako kontrola berreskuratu bezain laster". Ondorioz, haiek berriz ere kontseilari izendatzeak delitua berriz ere egiteko arriskua "indartu" egingo luke, magistratuaren arabera.

Torrak Turullen eta Rullen izendapenari eutsiko diola ziurtatu zuen atzo, prozesu subiranistaren aurkako auziarengatik espetxean direnak bisitatzen ari zela. Espainiako Gobernuak berriz, espetxean eta erbestean direnen izendapena blokeatu du, eta gobernu "bideragarri bat" osatzeko eskatu dio Torrari.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere behin behinean aske geratzea ukatu die Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiari eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta Junts per Catalunyako diputatuari. Biek ere babes helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean behin behineko espetxeratzearen kontra, baina atzera bota ditu Konstituzionalak. Horrek argudiatu du aske uzteak suposatuko lukeela euren helegitea aztertzeak eta hori ez dutela egin oraindik.

Konstituzionalak, gainera, Kataluniako espetxe batera hurbiltzeko eskaera ere atzera bota dio Junquerasi. Argudiatu du eskaera horrek ez duela zerikusirik babes helegitearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.