Ruth Bader Ginsburg AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko epailea hil zen atzo, pankreako minbiziak eragindako konplikazioen ondorioz, gorteak berak jakinarazi zuenez. 87 urte zituen.
Arrasto handia utzitako epailea izan da, justiziaren, eskubideen eta emakumeen alde etengabe borrokatu duen ekintzaile sutsua, eta haren heriotzak hutsune handia utzi du AEBetan. Auzitegi Goreneko presidente John Robertsek “maila historikoko legelaritzat” jo du. “Etorkizuneko belaunaldiek Ruth Bader Ginsburg ezagutu genuen bezala gogoratuko dutelakoan gaude: Justiziako txapeldun nekaezina”.
Donald Trump herrialdeko presidenteak ere hitz egin zuen haren heriotzaren inguruan, eta adierazi, haren politikekin ados egon edo ez, “bizi ikaragarria egin zuen emakume ikaragarria izan dela”.
Bill Clinton AEBetako presidente ohiak izendatu zuen Ginsburg Auzitegi Goreneko epaile, 1993. urtean; herrialde horretako historian postu horretan aritutako bigarren emakumea izan zen, eta 27 urte baino gehiago egin ditu han lan. Bere ibilbidean, Estatu Batuetako gai sozial polemikoei buruzko boto aurrerakoiak eman ditu: besteak beste, abortatzeko eskubidearen, homosexualen ezkontzaren, botoa emateko eskubidearen, immigrazioaren eta arreta medikoaren alde egin zuen.
Epailearen heriotzak borroka politikoa piztu du AEBetako Auzitegi Gorenaren etorkizunaren inguruan. Hain zuzen, gortea presidente batek eta zortzi epailek osatzen dute, eta horiek herrialdeko presidenteak izendatuak eta Senatuak berretsiak izaten dira. Izendapenek bizitza osorako balio dute, eta Kongresuak soilik kargugabetu ditzake, kargugabetze edo impeachment prozesu baten bidez. Hala, Estatu Batuetako hauteskundeen atarian —bi hilabete baino gutxiago falta dira—, Trumpek aukera izan dezake herrialdeko instantzia judizial gorenaren balantza eskuinera are gehiago makurtzeko.
Testuinguru horretan, Joe Biden Etxe Zurirako hautagai demokratak adierazi du Ginsburgen ordezkoa azaroan presidentetzarako hauteskundeak irabazten dituenak proposatu beharko lukeela. Ordezkarien Ganbarako buru Nancy Pelosi demokratak, aldiz, nabarmendu du Ginsburgen "ibilbide aitzindaria ohoratzeko" eta "bere legatu indartsua babesteko", haren ordezkoak berdintasunaren aldeko konpromisoari eutsi beharko liokeela.