Georgiako Parlamenturako hauteskundeak galdutzat eman ditu Mikhail Saakaxvili presidenteak. Behin betiko emaitzak artean argitaratu gabe zeudela, bere alderdiaren porrota onartu zuen atzo: «ENM Mugimendu Nazional Batuko buru gisa, Mugimendua oposiziora igaroko dela aitortzen dut. Bistakoa da Amets Georgiarra koalizioak lortu duela gehiengoa hauteskunde hauetan».
Botoen laurdenak zenbatuta zeudela, emaitzek jada iragartzen zuten boto emaile gehienek Bidzina Ivanixvili oposizioko buruaren alde egin zutela. Zenbaketen arabera, botoen %53 Amets Georgiarrarentzat ziren, eta %41, ENMrentzat. Parlamenturako eserlekuka ez ezik, hautesbarrutika ere aurretik zihoan Ivanixviliren koalizioa.
Lehenengo erreakzioen arabera, Errusiaren gustukoak izan dira hauteskundeetako prozedura eta behin-behineko emaitzak, eta Europatik ere heldu da halako mezurik. Nazioarteko behatzaileek ere onespena eman diete hauteskundeei, «demokratikoak» izan direla ebatzita. Kargua utzi eta presidentetzarako bozak aurreratzeko eskatu dio Ivanixvilik presidenteari.
Parlamenturako hauteskundeak galtzeak beste zerbait ere esan nahi baitu Saakaxvilirentzat: ezingo duela boterean jarraitu luzaroan, ezta presidente gisa ere. Zortzi urte daramatza kargu horretan, eta datorren urtean amaituko zaio bigarren agintaldia; Georgiako Konstituzioak debekatu egiten dio berriz presidentetzara aurkeztea. Horregatik jarri ditu indarrak parlamenturako hauteskundeetan; ENMk irabaziz gero, lehen ministro gisa jarraitu zezakeen boterean. Horretarako prest zeukan guztia; konstituzioa ere aldatu berri du. 2014tik aurrera, errepublika parlamentarioa izango da Georgia; ondorioz, indar gehiago izango dute parlamentuak eta lehen ministroak, eta gutxiago presidenteak. Jokaldia gaizki atera zaio, ordea, Saakaxviliri; parlamentuan ez du gehiengorik lortu haren alderdiak, eta presidentetza ere utzi egin beharko du ezinbestean.
Emaitzak ikusita, Ivanixvilik adierazi du presidenteak dimisioa berehala eman behar lukeela: «Huts asko egin ditu. Dimisioa ematen badu, presidentetzarako hauteskundeak aurreratzen baditu eta, konstituzio berriaren arabera, lehen ministroa aukeratzen bada, dena ondo joango da. Bestela, ez dira arazo gutxi izango».
Hauteskunde «historikoak» izan direla nabarmendu dute hainbat hedabidek. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik bereizi zenetik, Errusiarekin harreman txarra izan du Georgiak. Saakaxviliren aginte garaian okertu egin da, besteak beste, Abkhazia eta Hego Osetia lurralde independentisten inguruko gatazken ondorioz; gaur egun, etenda daude bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak.
Bide aldaketa
Etsai handientzat du Saakaxvilik Errusia; Mendebaldean —etaAEBetan, zehazki— bilatu du orain arte babes ekonomiko eta militarra. Ivanixvili, berriz, Errusiarekiko harremanak normalizatzearen alde agertu da, baina Saakaxviliren asmoei uko egin gabe. Jakinarazi du eutsi egingo diela Europako Batasunean eta NATOn sartzeko haren politikei: «Kide estrategikoak nahi ditugu, besteak beste, AEBak, baina bizilagunekin harreman ona izan nahi dugu, eta bizikidetzazko politikak izango dira gure lehentasuna».
Errusiak ez dio itxiko atea. Saakaxvilik porrota onartu izana «seinale ona» dela adierazi zion atzo bertan Nikolai Levitxev Errusiako diputatuen ganberako presidenteordeak Interfax berri agentziari; gaineratu zuen bi aldeetako harremanak «hutsetik» has daitezkeela berriz.
Ildo beretik mintzatu zen Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroa ere: haren hitzetan, Georgiako herritarrek aldaketarako duten nahia erakusten dute emaitzek. «Emaitzak egia bihurtzen badira, Georgiako paisaia politikoak aniztasunean irabaziko du. Horrek esan nahi du indar konstruktiboago eta arduratsuagoak agertuko direla parlamentuan», adierazi zuen Medvedevek.
Mendebaldetik iritsitako lehen erreakzioek ere oniritzia eman diote botere aldaketari: «Georgiako demokrazia indartzearen seinaletzat» jo du Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak.
Torturak eta protestak
Presidente gisa egindako urteetako hankasartzeek ez ezik—2008an Errusiari gerra deklaratu eta ezinbestean atzera egin ostean, herritar askok galdu zuten harenganako konfiantza—, azken asteotako gertakariek ere hondatu diote kanpaina Saakaxviliri: duela bi aste, Tbilisiko espetxe bateko torturen berri ematen zuen bideo bat zabaldu zen, eta horrek manifestazio jendetsuak eragin zituen.
Autoritarismoa eta errepresioa egotzi izan dizkiote Saakaxviliren gobernuari; haren aurkako protestetan istilu handiak sortu izan dira azken urteotan. AI Amnesty Internationalek hauteskunde egunean bertan salatu zituen oposizioak «iritzi politikoak emateagatik jasandako zigorrak, kaleratzeak, jazarpenak eta atxiloketak». Botoa eman aurreko egunetan, tentsioa nabari zen hirietan, eta istiluak gerta zitezkeelakoan zeuden behatzaileak. Gobernuak bozen emaitzak manipulatu zitzakeela ere ohartarazi zuen oposizioak.
ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko nazioarteko behatzaileen misioak, ordea, adierazi du hauteskundeok «demokratikoki eta nazioarteko parametroen arabera» egin dituztela. Kanpaina «polarizatua» izan arren, bozetan «aniztasuna eta herritarren parte hartze aktiboa» antzeman ditu behatzaileen antolakundeak, «indarkeriazko kasu batzuk» ere sumatu dituen arren: «Nahiz eta elkartzeko, biltzeko eta adierazteko askatasuna errespetatu duten, egon dira alderdietako ekintzaileen aldetik jazarpen eta larderia kasu batzuk ere, zeinek negatiboki eragin dioten kanpainari». Hala ere, nabarmendu dute Georgiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak «gardentasunez» jokatu duela.
Saakaxvilik galdutzat eman ditu Georgiako Parlamenturako bozak
Moskuk jakinarazi du badagoela aukera bi herrialdeen arteko harremanak «hutsetik» eraikitzen hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu