Sei hautagai eduki dituzte popularrek aukeran, eta Soraya Saenz de Santamariak eta Pablo Casadok lortu dute afiliatuen artean babes handiena primarioetako lehen itzulian.
Lehia estua izan da bi hautagai nagusien artean; behin-behineko emaitzen arabera, 21.513 boto bildu ditu Saenz de Santamariak (%36,95 inguru), eta 19.967 Casadok (%34,30 inguru). Maria Dolores de Cospedal alderdiaren egungo idazkari nagusia hirugarren postuan geratu da, atzerago, 15.090 boto ingururekin (%26 inguru).
Beste hiru hautagaiak askoz ere atzerago geratu dira: Jose Ramon Garcia Hernandezek 688 boto jaso ditu; Jose Manuel Garcia Margallok, 680; eta Elio Cabanesek, 185.
Ez Saenz de Santamariak, ez Casadok ez dute lortu, edonola ere, botoen %50 baino gehiago eskuratzea, eta bigarren itzulia egin beharko du alderdiak, presidentea hautatzeko. Bigarren itzulirako talde bateratua osatzeko deia egin dio Santamariak Casadori, baina hark ezetz erantzun dio; militanteek erabaki behar dutela nor nahiago duten.
Uztailaren 20an eta 21ean, Madrilen, ezohiko kongresu bat egingo du PPk, eta batzar hori erabiliko du presidentea izendatzeko. Ordezkari hautesleek aukeratuko dute Saenz de Santamariaren eta Casadoren artean. Hain justu, ordezkari horiek aukeratzeko bozketa ere egin dute gaur; botoa ematera joan direnek bi kutxa eduki dituzte, botoak uzteko.
20:30ean boto kutxak itxi, eta lehendabiziko zenbaketa guztiek Casadori eman diote garaipena, baina, Andaluziako emaitzak iritsi direnean, balantza Saenz de Santamariaren aldera irauli da, eta, azkenean, hark bildu du boto gehien.
PPk lehen aldiz egin ditu primarioak. 66.706 afiliatuk eman zuten izena parte hartzeko —erroldaren %7,6 soilik—, eta, azkenean, horietatik %87 inguruk eman dute botoa.
Irregulartasun salaketak ere entzun dira hautagai nagusietako biren taldeen partetik. Cospedalen taldeak zein Casadorenak batak besteari egotzi diote zenbait tokitako jendearen botoetan eragin nahi izan dutela, bidezko ez den eran.
Casadoren taldekoek Bartzelonako hainbat mahaitan izan dute jarrera desegokia, Cospedalen arabera. Eta Casadoren taldekoek salatu dute botoa emateko izena emandakoen zerrendan ez zeudenei botoa ematen utzi dietela Orihuelan (Herrialde Katalanak).
Ez dira horiek izan salaketa bakarrak, eta Cospedalek emaitzak inpugnatzeko asmoa zuela ere zabaldu dute hedabide batzuek. Kongresua Antolatzeko Batzordeak adierazi du, ordea, horrelako lehietan ohikoak izaten direnak baizik ez direla gertatu gaurko bozketan, ez dela gertakari larririk izan, eta inork ez duela salaketarik aurkeztu.
EAEko popularrek Saenz de Santamariari eman diote botoa nagusiki, eta Nafarroakoak, aldiz, Casadoren alde agertu dira.