Sahararako NBEren ordezkariari babesa kendu dio Marokok

Mendebaldeko Saharako auzian mandatariak jarrera «alderdikoia» duela salatu du Rabatek

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Jarrera «alderdikoia» eta «desorekatua» duela argudiatuta, Marokok adierazi du ez duela jarraituko lanean Christopher Ross NBE Nazio Batuen Erakundeko Mendebaldeko Sahararako ordezkariarekin. Ban Ki-moon erakundeko idazkari nagusiari hura kargutik kentzea eskatu dio. Rossek NBEren Segurtasun Kontseiluan Maroko kritikatzen zuen txosten bat aurkeztu ondotik hartu du erabakia Rabatek.

Marokoko Gobernuak Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari «erabaki egokiak» hartzeko eskaera egin dio, Mendebaldeko Saharako negoziazio prozesuak aurrera egin dezan. Izan ere, une honetan elkarrizketetan «Marokoren jarrera ahultzeko joera» dagoelasalatu du gobernuko bozeramaile Mustafa Jalfik. Negoziazio prozesuan «egiazko aurrerapenik» ez dutela lortu gaineratu du. «Zeharkako elkarrizketa txandak hasi zirenean, bi do hiru egingo zirela esaten zen, baina bederatzi egin dira, eta ez da egiazko aurrerapausorik eman», kritikatu du. «Ez zaigu egoera hau gehiago onartzea komeni». NBEren idazkari nagusiak, dena den, Ross babesten duela adierazi du, eta harengan uste osoa duela.

Hasieratik kontra

Rossek Segurtasun Kontseiluan aurkeztu duen txostenean, besteak beste, NBEren Mendebaldeko Sahararako erreferendumerako misioa zelatatzea egozten dio Rabati. Azken hottek bere eskumenak gainditu dituela erantzun dio NBEren ordezkariari.

Hasieratik susmo txarrez hartu zuen Rabatek Rossen izendapena, eta zalantzan jarri zuen haren partzialtasuna. Izan ere, NBEko ordezkaria Aljeriako diplomatikoa izan zen aurretik, eta, herrialde horrek Fronte Polisarioari babesa ematen diola eta, kexu da Rabat. Peter Van Valsum aurreko NBEren Mendebaldeko Sahararako ordezkaria erreferenduma «bideraezina» zela esateagatik kendu zuten kargutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.