Sahararrak hobi komunetan ari direla lurperatzen salatu dute

Lekukoak atxilotu, beldurtu edo kanporatu dituela baliatuz, krimenak ezkutatzea egotzi diote Marokori

Agdaim Izik kanpalekua, Marokoko segurtasun indarrek desegin aurretik. Hainbat lekukok salatu dute kanpaleku inguruetan dozenaka sahararren gorpuak daudela hobi komunetan. BERRIA.
Erredakzioa
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Egin dituzten krimen nazkagarriak ezkutatzeko, utzitako arrastoak ezabatzen ari dira militarrak». Fronte Polisarioak uste du Maroko ehunka saharar ari dela lurperatzen, Aaiun eta Agdaim Izik kanpalekuaren artean zabaldutako hobi komunetan. Hainbat lekukok jakinarazi dutenez, sekretuan ari dira militarrak, inork ikusi ez ditzan. Sei egun pasatu dira Marokok kanpalekuaren aurkako erasoaldia egin zuela eta dozenaka familiak senitarteko askoren berririk ez dutela. Hainbeste denbora pasatuta, ez dute itxaropenik: desagertutako ehundik gora sahararrak hilda daudela uste dute.

Fronte Polisarioak emandako datuen arabera, astelehenetik Marokok 4.500 lagun inguru zauritu ditu, 160 bat desagerrarazi eta milaka lagun atxilotu; torturak jasateko arriskuan daude horiek. Hildakoak dozenaka izan daitezke, baina Marokok Aaiun eta inguruak setiatuta dauzkalako ezinezkoa da datu zehatzak lortzea. Rabateko gobernuak, dena dela, bi saharar hil direla dio.

«Bere esku-hartze militar basatia zuritzeko, gezurrak eta aitzakiak ari da erabiltzen Maroko». Herritar xumeak delitugile arruntak balira bezala tratatzen dituela salatu du Polisarioak. Agdaim Izik kanpalekukoa protesta baketsua zela defendatu du, eta Marokoren erasoaldia justifikatu ezina dela nabarmendu. Kanpaleku horretan atxilotutako 78 sahararrek epailearen aurrean deklaratu zuten atzo.

Espainia Marokoren alde

Mendebaldeko Saharan gertatutakoaz galdetuta, Marokoren aldean lerratu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua, baita Trinidad Jimenez Atzerri ministroa ere. Zapateroren hitzetan, bere gobernuaren jarrera «Espainiako interesak» helburu hartutakoa izan da. Jimenezek adierazi du, bestalde, Espainiak Marokorekin dituen harremanek «lehentasuna» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.