SAHARAZ HEGOALDEKO HERRIALDEAK . Afrikak txirotasunean jarraituko du 2147a arte, lagundu ezean

Esklabotza «historiako krimen larrienetakoa» dela onartu du Bushek

ERREDAKZIOA
2003ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programak urtero kaleratzen duen txostenaren arabera, giza garapen apalean dauden munduko 34 herrialdetako 30 Saharatik hegoaldeko herrialdeetan daude. Txina eta Indiak azken urteetan izan duten bilakaerari esker, txirotasun maila murriztu egin da, NBEk atzo adierazi zuenez, baina hala ere, larria izaten jarraitzen du Afrikan. Horregatik, herrialde garatuek diru laguntzak eman, inportazio mugak kendu eta zorrak murriztu ezean, 2147a arte txirotasunean biziko dira Saharaz hegoaldeko herritarrak. Gaixotasunak ihesa eta beherakoa, batez ere, gosetea eta edateko ur falta dira arazo larrienak gaur egun.

NBEk aztertu dituen 175 herrialdeetatik, Norvegia da garatuena, eta Nigeria arazo larrienak dituena. Goseteak Afrikako 19 herrialderi eragiten dio lau herritarretatik bat baino gehiago goseak bizi da. Ur eskasiak bederatzi herrialderi eragiten die; lau lagunetik batek ez du urik.

Esklabotza

George Bush AEBetako presidentea Senegalen izan zen atzo, eta esklabotza salatzeaz gain, Afrikako herrialdeekin merkataritza harremanak hobetu, «terrorismoa» borrokatu zein hiesari aurre egiteko laguntza agindu zuen.

Bost eguneko bisita egiten ari da Bush Senegalera, Hegoafrikara, Botswanara, Ugandara eta Nigeriara. Hiesaren aurka borrokatzeko 15.000 milioi dolar agindu ditu, eta 10.000 milioi, ustelkeriaren aurka egin eta merkatuak irekitzen dituzten herrialdeentzat. AEBetako nekazaritza babesten jarraituko duela espero da, ordea, Afrikako gaien kalterako.

Esklabotza «historiako krimen larrienetakoa» dela esan zuen Bushek Senegalgo Goree uhartean. Handik milioika lagun eraman zituzten esklabo AEBetara, XVI-XVIII. mendeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.