Tripolin bizi diren Saharaz hegoaldeko milaka etorkin atxilotu dituzte erreboltariek, Muammar Gaddafiren mertzenario izatea leporatuta. «Libiako herritarrei lepoa mozteko Gaddafik kontratatutako jendea da», adierazi du Jalimek, hogei urteko matxinoak. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gainera, atxilotutako askori eraso egin diete matxinoek, beltzak izate hutsagatik. Izan ere, azal beltza duen edonor susmagarritzat jotzen dute erreboltariek. «Tripoli zurientzat da, beltzak hegoaldean bizi dira», esan du beste matxino batek.
Atxilotuen segurtasunaren inguruan «oso kezkaturik» agertu dira HRW eta AI Amnesty International erakundeak, besteak beste. «Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ahalegin handiagoa egin behar du erreboltariek atxilotuen aurkako gehiegikeriarik ez egiteko, batez ere Libiako herritar beltzen eta Mendebaldeko Saharako etorkinen aurka», adierazi du Claudio Cardone AIko zuzendariak.
«Ez zaigu Gaddafi inporta, ezta iraultza ere. Guk bakean bizi nahi dugu, besterik ez», adierazi du Harisak. Nigerkoa da Harisa, eta aste honetan bere senarra atxilotu dute erreboltariek. Duela hiru urte ailegatu zen Harisaren familia Tripolira; «hona iritsi ginenetik ez dugu lana besterik egin». Isaharen senarra ere matxinoek atxilotu dute, eta andrea kezkaturik dago gerta dakiokeenagatik: «Beldur naiz. Non dagoen jakin nahi dut, itzultzea nahi dut». Isaharen familia Txadekoa da, eta hamar urte daramatzate Tripolin, lanean.
Atxilotuak ikertu egingo dituzte oposizioaren arabera, eta Libiako herritarrak direnak aske utziko dituzte. Gainontzekoek, ordea, espetxean jarraitu beharko dute, galdeketaren zain. AI eta HRWek salatu dutenez, garbiketa etnikoa egitea da erreboltarien helburu bakarra. Mertzenarioak izatea leporatzen diete, baina nazioarteko erakundeen arabera, aitzakia baino ez da Saharaz hegoaldeko herritarrak Libiatik kanporatu ahal izateko. Gatazka hasi aurreko datuen arabera, Saharaz hegoaldeko milaka etorkin bizi dira Libian.
Milaka errefuxiatu eta etorkin, berriz, Tripolin harrapatuta daudela adierazi dute MGM Mugarik Gabeko Medikuek; «Asko haien herrialdeko gatazketatik ihesi etorri ziren, Sudandik eta Somaliatik etorritakoak, esaterako. Beste batzuk, Europara itsasoz igarotzeko asmoz etorri ziren. Gatazkak, ordea, harrapatuta utzi ditu denak». MGMk salatu duenez, baldintza gogorretan bizi dira, eta babesa eta laguntza behar dituzte.
Erreboltariak, dena den, ez dira giza eskubideak urratu dituzten bakarrak. NBE Nazio Batuen erakundearen arabera, Gaddafiren indarrek atxilotutako milaka lagun daude desagerturik. Atxilotuen segurtasunagatik kezkaturik agertu da erakundea, eta non dauden esan dezaten eskatu die erregimeneko kideei, «bizi gehiago galdu aurretik».
«Izaera politikoko» misioa
NBEk, izan ere, mendekurik gabeko trantsizioa nahi du. Asteartean bilera izan zuten Segurtasun Kontseiluko kideek, behin gatazka amaituta, erakundeak Libian jokatu beharreko paperaz eztabaidatzeko. Oraingoz, ez dute kasko urdinik bidaliko herrialdera. «Argi geratu da Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ez duela NBEren edo beste edozein erakunderen esku hartze militarrik nahi», adierazi zuen Ian Martin aholkulariak. Hala, «izaera politikokoa» izango da NBEk Libian aurrera eramango duen misioa, eta «demokraziarako trantsizio prozesuan laguntzea» izango du helburu. Ekonomia berpizteko eta justizia sistema berrezartzeko ere lanean arituko da NBE, Ban Ki-moon idazkari nagusiaren arabera.
Finantzaketa ere garrantzitsua izango da trantsizio prozesuan. Hala, urte hasieran blokeatutako 1.072 miloi euro desblokeatzeko baimena eman dio NBEk Erresuma Batuari. Diru hori giza laguntzarako erabiliko dute, erakundearen esanetan. Aurreko ostegunean ere, AEB Ameriketako Estatu Batuek egindako proposamena onartu eta 1.000 miloi euro desblokeatu zituen NBEk. Hala, gutxika Libiako funtsak erreboltarien esku uzten ari da. Italiako Gobernuak, berriz, 500 miloi euro desblokeatu ditu —350 miloi euro desblokeatuko zituela iragarri zuen aurreko astean—.
Libiako funtsak desblokeatzeak indartzen lagunduko dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari. Erreboltariek Tripolin dute dagoeneko egoitza nagusia. Erakundeko kide guztiak ez dira hiriburura joan oraindik, baina bi asteren buruan guztiz amaituko dute lekualdatzea, Abderazai Salem ordezkariaren arabera. Salemen ustetan, hauteskundeak egin ondoren —zortzi hilabete barru egin nahi dituzte— beharrezkoa izango da behin betiko konstituzio bat idaztea, «herritarren eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituena».
Ez dute amore ematen
Erreboltariak etorkizunera begira ari badira ere, oraindik ez dute garaipen osoa lortu. Asteartean esan zutenez, larunbaterako errenditu ezean, indarrez sartuko dira matxinoak Gaddafiren mende jarraitzen duten gainontzeko hirietan. Gaddafiren aldekoek, ordea, ez dute amorerik eman. «Hil egingo ditugula uste dute, eta ez dute errenditu nahi», adierazi du Ahmad Omar Bani militarrak.
Surten —kostaldean— eta Sabhan — barnealdean— bi aldeen arteko borrokek jarraitzen dute; erreboltariek jakinarazi dutenez, Surtetik 50 kilometro ingurura daude. NATOk, berriz, kostaldeko erasoak gogortu dituela adierazi du; Surt, Bani Ualid eta Hun hiriak bonbardatzen ari zen bart, besteak beste.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Saharaz hegoaldeko milaka etorkin atxilotu dituzte erreboltariek
Gaddafiren alde borroka egin izana leporatzen diete; beltza den edonor jotzen dute susmagarritzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu