Salek 30 egunen buruan boterea uztea onartu du Yemengo oposizioak

Golkoko herrialdeen planari oniritzia eman diote talde gehienek, baina manifestari gazteenak aurka daude

Erredakzioa
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak egindako planari oniritzia eman dio Yemengo oposizioak. Horren arabera, Ali Abdala Sale presidenteak 30 egunen buruan utziko du agintea. Saleren alderdiak, Herritarren Kongresu Nagusiak, iragan asteburuan onartu zuen GCCko herrialdeen proposamena. Oposizioak ezezkoa eman zion hasiera batean. Bi aldeek baiezkoa berresten badute, oraingo presidenteordea, Abdi Rabo Mansur Hadi izendatuko dute presidente.

Oposizioko talde guztiak, ordea, ez daude GCCren plana onartzearekin ados. Hori dela-eta, hainbat erregimenaren aurkako hainbat manifestari, gazteak gehienbat, karrikara atera ziren atzo. Planaren arabera, parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeak eginen dira Salek boterea utzi eta bi hilabetera. Horiek prestatzeko ardura, berriz, oposizioak zuzendutako batasun nazionaleko gobernuak hartuko du. Protestak etetea eta Saleren eta haren hurbilekoek immunitatea jasotzea proposamenean bildutako baldintzak dira. Azken puntu horiek sortu dute eztabaidarik handiena oposizioko jarraitzaileen artean. Mohamed Salem Basindua oposizioko negoziatzaileak adierazi du «24 orduren buruan» sinatuko dutela akordioa.

Hildako bat manifestazioetan

Akordioa lortzear dela dirudien arren, indarkeriak ez du etenik izan Yemenen. Hegoaldeko Taiz hirian, frankotiratzaileek manifestari bat hil dute, eta hamar zauritu dituzte, lekukoek eta ospitaleko iturriek berri agentziei jakinarazi dietenez. Erregimenaren aurkako manifestariak Al Horreja enparantzan elkartu dira, duela aste batzuetatik kanpalekua ezarria baitute han. 3.000 lagun inguru elkartu dira, eta, berri agentziek diotenez, GCCren proposamena onartu duten oposizioko taldeen aurkako oihuak ere egin dituzte.

Mendebaldean, berriz, Beit al Faki hirian Poliziak zortzi lagun zauritu ditu manifestazio batean. Saleren protestak iragan urtarrilaren amaiera hasi ziren, eta gutxienez 130 lagun hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.