Protestak herrialde arabiarretan

Salek Yemenen agintea utziko duela iragarri du, baina oposizioak ez dio sinetsi

Presidenteak erran du boterea ez duela oposizioaren esku utziko, «herrialdea deusezta dezaketelako»

Erredakzioa
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Boterea errefusatzen dut, eta errefusatzen jarraituko dut, eta hurrengo egunetan agintea utziko dut». Ali Abdula Sale Yemengo presidenteak atzo iragarri zuen hori, baina ez zuen zehaztu zer-nolako gobernua egonen den bera joatean, edo zer prozesu eginen duen agintea uzteko. Argi erran duena da, ordea, ez duela boterea oposizioaren eskuetan utziko. «Haiei herrialdea deusezta dezaten uztea ezinezkoa da». Erregimenaren aurkariei,ordea, mesfidantza sortu die Saleren iragarpenak, iraganean ere erran izan baitu agintea utziko zuela.

Salerekiko sinesgaitz agertu denen artean dago, adibidez, Tauakkul Karman kazetari, abokatu eta ekintzailea, herenegun Bakearen Nobel saria jaso zuena. «Ez diogu sinesten. Herri iraultzaileari ebatsitako boterea itzuli beharra dio». Protestek segituko dutela erran du Karmanek. Ibrahim Mohamed al Saidi oposizioko gazteen burua ere ezkor agertu da. «Betiko lelo zaharra da: utziko dut, utziko dut, baina ez dut inoiz uzten». Atzo ere milaka lagun atera ziren erregimenaren aurka protesta egitera; herenegun, berriz, herrialde osoan hiru milioi izan zirela jakinarazi du oposizioak.

Golkoko herrien bitartekaritza

Saleren adierazpenei Informazio ministrordeak egin die zehaztapen bat berehalakoan. Presidenteak boterea utziko duela bai, baina hori hauteskundeak egin ondoren izanen dela erran du Abdo al Janadik, eta betiere GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren irizpideei jarraituz. GCCren bide orriaren arabera, Salek presidenteordearen esku utzi behar luke agintea, bozak egin baino lehen. Urtarrilean matxinada hasi zenetik hiru bider erran du Salek proposamena onartuko zuela, baina sinatzeko orduan gibelera egin du beti. 1999an eta 2006an boterea uzteko asmoa agertu zuen, baina bozetara aurkeztu zen. Oposizioak iruzurra salatu zuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.