Saleren aldeko eta kontrakoen arteko liskarrak gogortu egin dira Yemenen

Gutxienez 22 lagun hil dituzte protestetan; herrialdearen hegoaldean, gasbide bat leherrarazi dute

Erredakzioa
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Yemenen Ali Abdula Sale presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak gogortu egin dira azken orduetan. Atzokoa egun odoltsua izan zen Sanan, gutxienez 22 lagun hil baitzituzten protestetan.

Poliziek indarrez isilarazi zuten atzo goizean presidentea kanporatzeko hiriburuan egin zuten manifestazio jendetsua. Negar eragiteko gasa eta ur zorrotadak jaurti zituzten manifestarien aurka. Horrez gain, airera tiro ere egin zuten, aldaketaren plazan bildu zen jendetza sakabanatzeko asmoz. Manifestariek, berriz, harriekin eta molotov koktelekin erantzun zieten segurtasun indarrei. Gutxienez hamar lagun hil zituzten. Arratsaldean, berriz, erregimenaren aldeko zibilek, leporaino armatuta, oposizioko hainbat kide atxilotu zituztela salatu zuten manifestazioaren antolatzaileek.

Horrez gain, Saleren aldeko eta kontrako tribuen artean ere borroka gogorrak izan ziren atzo Sanako hainbat auzotan. Gutxienez bederatzi lagun hil zituzten liskarretan, eta hamarnaka zauritu. Al Hasaba auzoan, esaterako, elkar bonbardatzen aritu ziren tribuak, eta liskarretan bi zibil hil zituztela jakinarazi zuten. Sadek al Ahmar gobernuaren aurkako tribuko buruzagiaren indarrek salatu zuten poliziek euren etxebizitzen aurka lehergailuak jaurti zituztela. Segurtasun indarrek, berriz, oposizioko kideei gobernuaren eraikinei eraso egin izana leporatu zieten.

Al Kaedaren erasoa

Horrez gain, herenegun, AEB Ameriketako Estatu Batuek adierazi zuten hegazkin eraso batean Ibrahim Mohamed al Bana Al Kaedako buruzagia hil zutela, beste sei matxinorekin batera. Erakundeko informazio arduraduna zen Al Bana, AEBen arabera.

Atzo herrialdearen hegoaldean gasbide bat leherrarazi zuten, bestalde. Gobernuaren arabera, Al Kaedak Al Banaren hilketagatik eman duen erantzuna izan daiteke. Leherketak, baina, ez zuen biktimarik eragin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.