Sallek hitzeman du senegaldar guztien presidentea izango dela

Wade presidenteak porrota onartu du, eta Sall zoriondu du; ABk bozen gardentasuna nabarmendu du

Erredakzioa
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Abdoulaye Wade Senegalgo presidenteak ez zuen garaipena beste planteamendurik onartzen. Bestelako egoera batez hitz egitea «absurdoa» zela esan zuen presidentetzarako bozen atarian. Baina ezinezkotzat jotzen zuena gertatu egin da: Macky Sallek irabazi ditu hauteskundeak, eta senegaldar guztien presidentea izango dela hitzeman du.

Botoen zenbaketak amaitu aurretik deitu zion Wadek Salli, eta zoriondu egin zuen. Izan ere, lehen zenbaketen arabera, Sallek abantaila handia atera dio aurkiari. AB Afrikako Batasunak orain arte presidente izan denaren «heldutasuna» goraipatu du, eta haren jarrera Senegalgo demokraziaren adierazle dela gaineratu du.

Bozen aurretik iruzurraren zurrumurruak etengabeak ziren. 2007ko hauteskundeetan oposizioak iruzurra egitea leporatu zion Waderi, eta orain ere emaitzak manipulatzeko gai zela esan zuten. «Zailtasunak zailtasun Afrika demokrazian eta hauteskundeen gardentasunean pausoak ematen ari dela erakutsi dute Senegalgo presidentetzarako bozek», adierazi du Jean Ping ABko behatzaileen misioaren buruak.

«Demokraziaren martiriak»

«Demokraziaren martiriei» omenaldia egin die Sallek. Izan ere, Waderen hautagaitzaren aurkako manifestazioetan zortzi lagun hil dira. Senegalgo Konstituzioak bi agintalditako muga jartzen duen arren, hirugarrenez aurkeztu da Wade eta liskarrak piztu ditu horrek. Presidentearen hitzetan, 2001ean konstituzio berria indarrean jarri zenetik behin bakarrik aurkeztu da, eta, beraz, eskubidea zuen berriz aurkezteko. Konstituzio Kontseiluak baimena eman zion aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.