ESKOZIA

Salmondek eta Cameronek independentzia erreferenduma egiteko akordioa sinatu dute

Eskoziako Gobernuaren egoitzan egin dute bilkura. Eskoziako Parlamentuak izango du 2014an galdeketara deitzearen ardura.

2012ko urriaren 15a
23:18
Entzun

Eskoziako eta Erresuma Batuko lehen ministro Alex Salmond eta David Cameronek Eskoziak independente izan nahi duen galdetzeko erreferenduma egiteko akordioa izenpetu dute. 2014an galdeketa bat egitea adostua zuten Salmondek eta Cameronek, eta erreferendum horren xehetasunez jardun dute gaurko bilkuran, berrespen gisa.

Ostiralean iragarri zutenez, Michael Moore Erresuma Batuko Eskoziarako ministroak eta Nicola Sturgeon Eskoziako ministrorde nagusiak izandako elkarrizketetan eman zieten irtenbidea erreferendumaren inguruko desadostasunei.

2014ko udazkena nahiago zuen Salmondek galdeketa egiteko, orduan beteko baitira 700 urte Bannockburneko borroka jazo zenetik. Guda hartan, Eskoziako independentzia gerran garaipen garrantzitsua lortu zuen Eskoziak Ingalaterrarekiko. Cameronek nahiago zuen erreferenduma 2013an egitea. Azkenean, 2014ko udazkenean egitea adostu zuten, eta galdera bakarra egitea onartu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. SNPk nahiago zuen bi galderako formula bat, Devomax delakoaren aukera ere jasotzen zuena. Eskoziari eskumen gehiago ematea aurreikusten du aukera horrek.

Botoa emateko adinaz ere eztabaidatu dute bi gobernuek. 16 urtetik gorakoei eman nahi zien Eskoziako Gobernuak boto eskubidea, eta hala onartu du Erresuma Batukoak. Zalantza zegoen galdeketara deitzea zein erakunderi zegokion: Erresuma Batuko Parlamentuari edo Eskoziakoari. Eskoziakoak antolatzea hitzartu dute. 1998an zehaztu zutenetik, Westminsterri dagokio edozein aldaketa konstituzional kudeatzea, baina eskumen hori Eskoziako Parlamentuaren esku uztea adostu dute.

Bi agintariek sinatu duten itunean ageri denez, bi aldeek errespetatuko dute erreferendumaren emaitza, independentziaren aldekoa nahiz kontrakoa izan. "Gobernuek adostu dute erreferendumak justizia eta gardentasun maila altuenak izatea", dio hitzarmenak.

Akordioa izenpetu eta gutxira, Salmondek berak Twitterren eskegi du hitzarmenaren argazki bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.