Eskozia

Salmonden auzian "kontraesanezko" jarrera eduki izana egotzi diote Sturgeoni

Eskoziako Parlamentuko batzordeak ondorioen txostena aurkeztu du. Batzordea osatzen duten bederatzi kideetatik lauk bozkatu dute aurka, eta bostek alde.

Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroa. ROBERT PERRY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 23a
10:36
Entzun

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek parlamentua «engainatu» zuela ondorioztatu du bederatzi kideko batzorde berezi batek osatutako txostenak. Alex Salmond lehen ministro ohiaren kontrako sexu eraso salaketak kudeatzeko izan zuen modua aztertu du batzordeak, eta, txostenean jasotakoaren arabera, «zail» da pentsatzea Sturgeon ez zegoela Salmonden «ustezko jokabideen jakitun» 2017ko azaroaren aurretik.

Dokumentuan, diputatuek lehen ministroari egozten diote Salmondekin izandako bilerei buruzko idatzietan datu zehatzik ez ematea, eta batzordeari «gezurra» esatea. Kezka ere agertu dute batzordeko kideek, lehen ministroak Salmonden jarreraren jakitun zegoela jakinarazteko hartu zuen denboraren inguruan.

Dokumentuak jasotzen dituen ondorioak gaur aurkeztu dituzte, baina joan den astean jakinarazi zituzten, filtrazio baten bidez. Ordu hartan gogor kritikatu zuen filtrazioa lehen ministroaren lantaldeak, eta salatu «aukeratua eta alderdikoia» izan zela.

Txostenak jasotzen dituen ondorioak baztertu egin dituzte batzordeko lau kidek, SNPkoak guztiak, eta alde bozkatu dute beste bostek: bi kontserbadoreek, laboristak, liberal demokratak eta independenteak. Orain, hurrena parlamentuko konfiantza mozioari egin beharko dio aurre Eskoziako lehen ministroak. Alde horretatik, bere alde du atzo James Hamilton ikertzaile independenteak aurkeztutako txostena, zeinean zehazten den gobernuburuak ez zuela urratu Ministroen Kodea Alex Salmond gobernuburu ohiaren kontrako sexu-eraso salaketen auzian izandako jarreragatik.

Iragan urtearen hasieran, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Salmond errugabea zela sexu erasoen kargu guztietan, eta, bien bitartean, hark auzitara eraman zuen gobernua, barne ikerketaren kudeaketa legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.