Tiro bakar batek eragin zion heriotza. Kokotsetik sartu eta burezurraren atzealdetik atera zen bala. Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen. Horixe ondorioztatu du azken ikerketak. SML Zerbitzu Mediku Legalak Txileko presidente zenaren hilotzari egindako azterketak, beraz, orain arteko bertsio ofiziala berretsi du, eta, senideek sinetsita zeuden bezala, estatu kolpearen egunean bertan eman zion tiro bere buruari agintariak, «herriak emaniko agintearekiko koherentzia politikoagatik». Isabel Allende presidente zenaren alabak eta senatariak eman du txostenaren berri, adituen ondorioa familiak zuen bera dela zehaztuta; «bizi zuen muturreko baldintza horietan erabaki zuen bizitza kentzea, umiliatuta izan baino lehen edo beste egoera makurrago bat bizi baino lehen».
Augusto Pinochet diktadoreak zuzendu zuen estatu kolpe militarraren aurreneko orduetan hil zen Salvador Allende (1909-1973). Moneda lurrez eta airez bonbardatzen ari zirela, jauregiko bigarren solairuan babestu zen presidentea, ipar-ekialdeko hegalean. Allendek Fidel Castrok emandako AK47 fusil batekin egin zion tiro bere buruari. Independentzia aretoan zuen bulegoko aulkian eseri, arma belaunen artean jarri, eta katua sakatu zuen. Bigarren tiro bat ere bota zuen, baina bala tinko sartu zen horman.
Patricio Bustos SMLko zuzendariak berretsi du «tiro bakar batez» hil zela Allende. Txileko zazpi aditu eta nazioarteko beste bostek hartu dute parte ikerketan. Pako Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko auzitegi medikuntzako irakaslea izan da azterketan parte hartu duenetako bat, eta, jakinarazi duenez, aho batekoa izan da ondorioa: «Argudio tekniko eta zientifikoetan oinarrituta ziurta dezakegu kokotsaren azpian egindako tiro bakar batek eragin ziola heriotza, burua suntsitzea eragin baitzion, eta, ondorioz, berehalako heriotza, eta auzitegi mediku ikuspuntu batetik ulertzen dugu bere buruaz beste egitea izan zela hori».
Allenderen gorpua maiatzaren 23an atera zuten hilobitik. Santiago Mario Carroza Helegite Auzitegiko epaileak apirilean eman zuen hilobia zabaltzeko agindua, izan ere, urtarrilean jaso zuen txosten batean esaten zen ordura arte egindako bi autopsietan bat ez zetozen ondorioak zeudela. Familiak «edozein zalantza baztertzeko» eman zuen gorpuzkiak hobitik ateratzeko baimena.
Bestelako hipotesiak
Urtetan Patricio Guijon eta Jose Quiroga medikuek zabaldutako kontakizuna izan da bertsio ofiziala, izan ere presidentearen gertukoak ziren eta hilketaren lekuko zuzenak izan ziren. Gerora, baina, bestelako hipotesiak zabaldu izan dira, tartean, militarrek tirokatu zutenarena. Bada ere, bere burua hil bazuen ere, azken tiroa bere gertukoek eman ziotela dioenik. Camilo Taufic idazleak tesi hori sostengatzen du. Hainbat ikerketaren ostean ondorioztatu zuen norbaiten laguntza izan zuela hiltzeko unean. Haren arabera, bere buruari tiro egitean larri zauritu zen, eta orduan bere gertukoek berriz tirokatu zuten. Luis Ravanal auzitegi medikuak duela hiru urte egindako ikerketak ere bat dator hipotesi horrekin, kaskezurrean kalibre ezberdineko bi armaren tiroak zituela ondorioztatu baitzuen. Azken ikerketa honek, baina, hori ukatu du.
Diktadurako (1973-1990) giza eskubideen urratzeak salatzen dituzten 726 helegite aztertzen ari dira gaur egun Txilen —Allenderen heriotzarena da horietako bat—. Inoiz ikertu gabeko salaketak dira guztiak, eta justizia egitea espero dute horrela. Guztira 3.000 lagun desagertu ziren.
Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuela berretsi du azken ikerketak
Txileko presidentea zena tiro bakar batez hil zela ondorioztatu dute haren hilotza aztertu duten adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu