Norvegiako Merkataritza eta Industria ministro Dag Terje Andersenek aste honetan esan du sami herriak ez duela Barents itsasoko petrolioaren gaineko eskubide berezirik. Aitzitik, Samidiggi sami legebiltzarrak dio nazioarteko legediak samien eskubideak eta erabakitze eskumena babesten dituela. Samidiggiko presidenteorde Johan Mikkel Sarak salatu du ministroak ez duela nazioarteko legedia behar bezala aztertu.
Samiek beren lurraldeetan dauden petrolio eremuetatik dagozkien irabaziak eskuratzeko borrokan segituko dutela nabarmendu du Sarak.
Barents itsasoan, Eskandinaviatik eta samien lurraldeetatik iparraldera, petrolioa eta gas naturala ustiatzen dute, Norvegiak eta Errusiak bereziki. Haatik, petrolio eta gas eremuetako bat samien lurraldean dago, Snohviten, Hammerfest hiritik iparraldera, itsasoan. Herri indigenek energia arloan dituzten eskubideak nola gauzatzen dituzten ikasteko, iazko udaberrian ordezkaritza bat bidali zuen Norvegiako sami Legebiltzarrak Ozeano Artikoaz bestaldera, Kanada eta Quebec aldera.
Snohvit eremua kudeatzen duen Statoil konpainiarekin batera egin zuten bidaia ordezkari samiek. Norvegiako Estatua da enpresa horretako akziodunik handiena.
Samiei petrolio eremuetatik dagozkien irabaziak ukatu nahi dizkie Norvegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu