Nolanahi ere, aldeek proposamena aztertu, aldaketak proposatu eta hiru estatuek onartu beharko dute indarrean sartu aitzin. Finlandiako Justizia Ministerioko funtzionarioen ustetan, gutxienez bi urte beharko dira behin betiko hitzarmena eduki eta onartzeko.
Aditu taldea Finlandia, Norvegia eta Suediako ministerioek eta estatu horien menpe dauden samien hiru legebiltzarrek hautatua da. Joan den irailean Sametingeteko (Suediaren menpeko samien legebiltzarra) presidente Lars-Anders Baerrek esan zuen samien eta gobernuen arteko akordioaren ondorioa izan zela aditu talde horren hautaketa. Norvegiako Auzitegi Goreneko epaile ohi Carstein Smith da aditu taldeko burua. Haren esanetan, egin duten lanaren zatirik garrantzitsuena hauxe da: «Hiru estatutako sami herria elkartzea».
Samien iturriek irailean aurreratu zutenez, autodeterminazioari, lur eskubideei eta oreinak bazkatzeko monopolioari dagozkien atalek eragin dute eztabaida gehien adituen artean. Hain justu, Helsingin Sanomat webguneak ostegunean zioen proposameneko zenbait zati onartzea kostatu zitzaiela aditu taldeko ordezkari finlandiarrei, bereziki lur eskubideei eta oreinak bazkatzeari dagozkienak. Haatik, Helsinkik ez zuen kontraproposamenik aurkeztu.
Itunaren zirriborroa samien auziaz Finlandian, Norvegian eta Suedian arduratzen diren ministroei eman zieten. Finlandiari dagokionez, Justizia ministro Leehna Luhtanenek eta samien legebiltzarreko presidente Pekka Aikiok jaso zuten hura.
Herri indigenaren aitortza
Lur eta ur eskubideen ituneko atalak ILO Lanaren Nazioarteko Erakundeak duen Herri Indigenen Itunarekin bat datoz. Finlandiak, ordea, ez du berretsi ILOren itun hori.
Proposamenari jarraiki, Samien Iparreko Ituna Norvegia, Finlandia eta Suediaren arteko hitzarmena izango da; ondorioz, zirriborroa prestatzen aritu badira ere, samiak ez dira izango itunean partaide. Era berean, Errusiako Federazioan bizi diren samiei ez die eragingo; bai, ordea, Norvegia, Finlandia eta Suedian bizi diren Kola penintsulako (Errusiaren menpe) samiei. Samiak hainbat estatutako lurralde batean bizi den herri indigena direla, horixe dago itunaren oinarrian. Estatuok samiei «baldintza egokiak» ahalbidetzeko erantzukizuna dute, itunaren arabera. Hala, samiei beren kultura, hizkuntza, bizimodua eta gizarte antolakuntza babestu eta garatzeko aukera eman behar diete estatuok, beren arteko mugek samiei ahalik eta trabarik gutxien eraginda.Samiek izango duten autonomia estatu horietako samien legebiltzarrek kudeatuko dute, eta estatuotako agintariek haien legebiltzarrak kontsultatu beharko dituzte samiei eragiten dieten erabakiak hartu aurretik. Norvegiak eta Suediak elur-oreinen zaintza samien eskubide bakartzat mantenduko dute itunarekin. Finlandian, aldiz, orein zaintza ez da soilik samien eskubidea, baina Estatuak haien eskubidea sendotu beharko du.
Samien baliabideak eta EB
Bestalde, Bruselaren esku-hartzeari esker, Nellimen (Finlandiaren menpeko Laponia), zuhaitzak mozteari utzi behar izan diote berriki. Finlandiako Gobernuaren konpainia batek samien lurretan zuhaitzak moztea eragozten saiatu ziren samiak, baina auzitegiek 1.000.000 euroko bermea eskatu zieten auzibidea hasteko. Samiek ez zuten dirutza hori eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten. Hark samien alde egin zuen, baina auzibideak iraun zuen bitartean konpainiak egur mozketa bizkortu zuen.
johan mikkel sara-norvegiako samien parlamentuko presidenteordea
«Sami herriarekiko betebeharren ezagutza ofiziala da ituna»
j.m.s.
Norvegiaren menpe bizi diren samiek duten legebiltzarreko (Samediggi Sametinget) presidenteordea da Johan Mikkel Sara. 1989tik da diputatua, eta, samien eskubideen alde lan egiteaz gain, hegazkintza ikasitakoa da, baita musikari aritua ere.
Sametingetek zer deritzo adituek aurkeztutako proposamenari?
Norvegiak, Suediak eta Finlandiak oso politika ezberdina daramate samiekin. Sametingeti dagokionez, oso sentsazio ona eragin digu itun zirriborroak. Sami herriarekiko betebeharren ezagutza ofiziala da.
Zer arazo sor daitezke?
Norvegiako Atzerri ministroak «oso konbentzio ona» dela iritzi dio. Arazoa gehienbat Suedia eta Finlandiarekin dugu, lurraren eskubideen inguruan. Finlandiako Justizia ministroak dagoeneko adierazi du Helsinkik ez duela sinatuko ituna.
Ituna indarrean jartzen denean zer ondorio izango ditu Sami herrirako?
Samiontzat halako garapen bidea zabalduko du. Gainera, autodeterminazioaren alorrean aurrera egitea eragingo du, autonomia handiagoa ahalbidetuta.
Lurraren eta uraren erabilera eskubideez mintzo da ituna. Lur azpiko eta itsasoko eremuetako aberastasunak (gasa, petrolioa, mineralak...) ere barnean hartzen al ditu?
Bai. Orain, aldatzen ari dira mineralen legea, eta itsas baliabideak aintzat hartzeko asmoa dago. Norvegiako Gobernua baliabideak identifikatzen dabil. Ni orain Kanadara eta Alaskara noa, han baliabideok nola kudeatzen dituzten aztertzera.
Itunak dio estatuen arteko hitzarmena izango dela. Zer esku-hartze izango dute samiek?
Samien legebiltzarrek beto eskubidea izango dute.