Lledonerseko Tratamendu Batzordeak egin du proposamena, eta Generalitateko Justizia Departamentuari dagokio orain hura onartu edo atzera botatzea. Bigarren graduan daude Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, baina espetxeko araudiko 100.2 puntuak zehazten du hirugarren graduari dagozkion neurriak ezarri ahal zaizkiela bigarren graduan dauden presoei, betiere espetxeko zuzendaritzak proposatuz gero.
Generalitateak eskaria onartuz gero, lotara bakarrik joan beharko lukete kartzelara ANCko buru izandakoak eta Omniumeko presidenteak, eta espetxetik kanpo egon ahal izango lukete 08:00etatik 20:00etara. Espetxeko iturriek aurreratu dutenez, Cuixartek lehen zuzentzen zuen enpresan lan egiteko baliatuko du kanpoan den denbora, eta Sanchezek, berriz, boluntario lanak egingo ditu.
Dena den, Generalitateak espetxearen eskaria onartu arren, erabakiari helegitea jartzeko aukera zabalik legoke; kasu horretan, erabakia espetxe zaintzako epailearen esku geratuko litzateke, eta, haren ostean, Bartzelonako Lurralde Auzitegiaren esku. Tarte horretan, ordea, prozedurak aurrera jarraituko luke. Aldiz, biei hirugarren gradua ezarri izan balitzaie, helegitearen inguruko erabakia Sanchez eta Cuixart epaitu zituen auzitegiak hartu beharko luke, hau da, Gorenak.