Espainiako Gobernuaren osaketa

Sanchez eta Riverarekin bilduko da datorren astean Rajoy, gobernua osatzea negoziatzeko

Ciudadanosek aurreratu du ezezko botoari eutsiko diola, PPk "taldea berritu" eta "ustelkeriaren aurkako" jarrera izan arte. PSOEk dio ez duela babestuko Rajoyren hautagaitza.

Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentea, Felipe VI.arekin bildu ostean adierazpenak egiten. JUANJO MARTIN / EFE
Ane Zuazubiskar Iñarra.
2016ko uztailaren 29a
16:32
Entzun

Gobernua osatzen saiatzeko eskaria onartu zuen Rajoyk, Felipe VI.arekin bildu ostean —Espainiako erregeak atzo amaitu zuen alderdietako ordezkariekin egin duen bilera erronda—. Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza handiena duten alderdiek ostegunean egin zituzten gobernabiderako haien proposamenak. Mariano Rajoy jarduneko presidente eta PPren hautagaiak Pedro Sanchez (PSOE) eta Albert Riverari (Ciudadanos) deitu die, datorren asteartean negoziazio bilerak hasteko. 09:30ean bilduko da Riverarekin, eta 11:30ean Sanchezekin.

Riverak berretsi du ezezko botoa emango dutela Rajoyren inbestiduran; baina abstenitu egingo direla bigarren bozketan, "ardura politikoagatik". Gogorarazi du Ciudadanosek ez duela PP babestuko, PPk "taldea berritzen" eta "ustelkeriaren aurkako" jarrera irmoa erakusten duen arte.

PSOEko ordezkariek inbestidurara aurkeztu dadila eskatu diote Rajoyri, baina aurreratu dute ezezko botoa emango diotela. Felipe VI.arekin bildu osteko adierazpenetan, Pedro Sanchez PSOEko buruak azpimarratu zuen oposizioan egotea dagokiola PSOEri, eta ez dutela "aldatu" nahi dutena babestuko; abstentziorako zirrikitu bat irekita utzi zuen.

Katalunia hizpide

Kataluniako prozesu subiranistaz ere aritu dira Espainiako alderdi nagusietako buruak. Asteon onartu du Kataluniako Parlamentuak "deskonexio prozesua" eztabaidatzea, Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuen babesarekin. Espainiako Auzitegi Konstituzionalari eginda onartu zuten neurria, eta helegitea aurkeztuko duela esan zuen Espainiako Gobernuak. Telefono bidez izan duten elkarrizketan, Rajoyri "babes osoa" adierazi dio Riverak, "lege demokratikoak" eta "konstituzioa" bete daitezen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.