Espainia

Sanchez: "Ez dago behar adinako gehiengorik ezkerreko gobernu baterako"

Bukatu berri du Sanchezek inbestidurako hitzaldia. PPrekin akordioa egitea baztertu du, nahiz eta oinarrizko erreformetarako negoziazioa eskaini. "Aldaketaren" indarrei eskatu die inbestidura babesteko.

Pedro Sanchez presidentegaia, inbestidura saioko lehen egunean. J. J. GUILLEN / EFE
mikel rodriguez
2016ko martxoaren 1a
08:02
Entzun

"PSOE da gobernu bat osatzeko beharrezko oinarria", adierazi du Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiak inbestidura saioan (16:30 aldera hasi da). "Aldaketa" da hitzaldian gehien errepikatu duen hitza, baina, gehienbat Podemosi bidalitako mezu batean, erran du aldaketa hori ezin dutela soilik ezkerreko alderdiek egin, nahiz eta aitortu duen hori ez dela PSOEko militanteek gustukoen edukiko luketen aukera. "Ez da nahikoa. Ezkerrak ez du lortu parlamentu honetan behar adina diputatu kopuru kolore politiko bakarreko gobernua osatzeko".

Sanchezek zentralitatearen rola hartu du, eta ezkerreko alternatibari kontrajarri dio PPren gobernuarekiko "aldaketa". "Espainiarrek ez dute nahi ideologia bereko bi indar egotea. Mestizaje ideologikoa egin behar dugu". Ciudadanosi eta Albert Riverari eskerrak eman dizkie PSOErekin akordioa egiteko "ausardia" izateagatik, eta ezberdinen arteko akordioa defendatu du ildotzat. Rivera zoriondu duenean, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak eta Iñigo Errejon Podemoseko bozeramaileak txalo egin dute, ironiaz.

Sanchezek diskurtsoaren oinarritzat hartu du PP eta Mariano Rajoy presidentea boteretik kendu beharra, baina ideia hori Podemosen nahiekin kontrajarri du behin baino gehiagotan, PSOE-Ciudadanosen arteko akordioa zentralitate gisa goraipatzeko. "Boterea ez da jabetza bat, Rajoy jauna, baina ez da konkista bat ere"; eta boterera ailegatzeko elkarrizketa defendatu duenean, "ez inposizioa", eta "akordioa, ez asaltoa".

Katalunia, hitzaldiaren bukaeran

Austeritatearen aurkako diskurtsoa ere bere egin du Sanchezek, eta "larrialdi sozialerako plan bat" ezarri nahi duela azaldu du. Kataluniako auziari hitzaldia hasi eta ordu eta erdi ingurura heldu dio. Labur, eta berrikuntza handirik eskaini gabe. Onartu du "Kataluniako gizartearen zati batek deskonektatu" egin duela Espainiarekin, eta "historia bateratua" eta "biografia mestizoak" goraipatu ondoren, hitz eman du Kataluniako auzia konpontzeko konstituzioa erreformatzen ahaleginduko dela, baina ondoren lurraldetasun auzia erreforma zabalago baten barrenean txertatu du, eta ez du Kataluniarentzako pauso zehatzik aipatu. Espainian "egitura federal bat" ezartzeko asmoa duela erran du, eta Generalitateak Rajoyri aurkeztu zion 23 puntuko aldarrikapenaren "puntu batzuekin konpromisoa hartzeko prest" agertu da.

Hitzaldia bukatu eta berehala, Iglesiasek kazetariei erran die Sanchezen hitzaldia "etsigarria" izan dela.

Kongresuko diputatuek bihar erantzunen diote Sanchezi, eta inbestidura bozkatuko dute. Lehenbiziko saioa denez, gehiengo osoa behar du. 176 diputatu behar dira horretarako, baina Sanchezek bere alderdiaz gain soilik Ciudadanosen babesa dauka —130 diputatu—, eta gainerako alderdi nagusiek iragarria dute aurka bozkatuko dutela. Ortziralean izanen du bigarren aukera, eta nahiz eta orduan gehiengo sinplea nahikoa izanen lukeen, gainerako alderdien jarrera aldatu ezean ez du lortuko presidente izendatzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.