Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian

Sanchez pozik, eskuinak «huts egin» duelako

ander perez zala
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ziurrenik, PSOEren bigarren postua azken urteetako bigarren posturik zoriontsuenetako bat da. PP Alderdi Popularraren atzetik geratu diren arren, sozialistek gora egin dute, eta, are, agintean jarraitzeko aukera handiak dituzte; behintzat, PPk baino handiagoak. Eta horretaz jakitun zeuden atzo gauean PSOEren jarraitzaileak, alderdiaren egoitzaren kanpoan «presidente, presidente» oihuekin eta txalo artean eman baitzioten ongietorria Pedro Sanchezi, hara iritsi zenean. Sanchezek antzeko poztasun mailarekin erantzun zien parean zituenei, eta aldarrikatu zuen eskuineko blokeak «huts egin» duela.

Alderdiaren, LGTBI kolektiboaren eta Espainiako banderez beteta zegoen atzo PSOEren egoitzaren kalea, eta Espainiako Gobernuko ministroak ere dantzan aritu ziren, garaipen zaporea izan duen porrota ospatzeko. Sozialisten buruak argudiatu zuen bozak aurreratu zituela «Espainiak erabaki behar» zuelako «zer bide hartu», eta, horren aurrean, harro agertu zen herritarrak «argi» mintzatu direlako.

PSOEk eutsi egin dio, eta bi diputatu gehiago lortu ditu, 122rekin geratzeraino —120 eserleku lortu zituen 2019ko hauteskundeetan—; hau da, iragan agintaldiko barne eta kanpo presioa nolakoak izan ziren ikusirik, eta, aurtengo kanpaina kontuan harturik, sozialistak espero baino hobeto aritu dira, eta eserlekuak galdu beharrean, irabazi egin dituzte, aurreikusitakoaren kontrara. «Duela lau urte baino boto eta eserleku gehiago ditugu, eta portzentaje handiagoa», laburbildu zuen Sanchezek atzo.

Mezu horien aurrean, jarraitzaileek No pasarán! 36ko gerrako lelo antifaxistarekin erantzun zuten.

Ezkerreko blokea, behera

Oro har, joan den legealdian Espainiako gobernu koalizioa osatu duen ezkerreko blokeak behera egin du, pixka bat izan bada ere, Sumarren emaitzarengatik.

Koalizio horrek ordezkatzen duen eremuak 38 eserleku bildu zituen 2019ko bozetan —Unidas Podemos, Mas Pais eta Compromis—, eta, beraz, ordezkaritza txikiagoa lortu du aurtengoetan —31 aulki—; ziurrenik, boto baliagarriaren estrategiarengatik, herritar asko PSOEra joan direlakoan. Halere, Yolanda Diaz koalizioko burua baikor agertu zen atzo, esan baitzuen uste duela herritarrek «lasaiago» egingo zutela lo atzo: «Demokraziak irabazi du, demokrazia sendotu egin da, eta irabazi egin dugu».

Diazek aldaketaren ideian jarri zuen arreta, eta defendatu zuen herritarren eskubideak «hobetu» dituztela, eta hori bera egingo dutela gaurtik aurrera ere: «Eskubideak irabazten segitu behar dugu, eta hori egiteko konpromisoa hartzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.