Pedro Sanchezek agerraldia egin du gaur PSOEk Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzan —alderdiko krisia hasi zenetik lehenengo aldiz—. Aurrez azaldutako bide orriari eusteko prest agertu da: Batzorde Federala bihar, hauteskunde primarioak ondoren, eta ezohiko kongresu federal bat "ahal den lasterren". Bihar Batzorde Federalak idazkari nagusiaren proposamena baztertuko balu, Sanchezek esan du kargua utziko duela.
Sanchezen mezuak bi ideia nagusi izan ditu oinarri. Alde batetik, aldarrikatu du PSOEn militanteek eduki beharko luketela zeresan nagusia. "Militanteek haien botoekin aukeratu zuten lehenengo idazkari nagusia izan nintzen, eta ate horrek ez luke itxi behar".
Bestetik, nabarmendu nahi izan du asteazkenean piztutako eztabaidaren funtsa ez dela "arautegiaren kontu bat". "Biharko Batzorde Federalak aldaketa ekar lezake eta Mariano Rajoyri abstentzioa eman hark gobernatu dezan. Hori akats bat dela ohartarazi nahi dut".