Inork ez zuen espero Espainiako koalizio gobernuaren lehen erronka nagusia osasun krisi bati aurre egitea izango zenik, ezta horrek eragindako krisi sozial eta ekonomikoari ere. Baina hala izan da, eta horiek eta beste hainbat auzik barne gatazkak eta tentsioak eragin dituzte Pedro Sanchez Espainiako presidentearen lantaldean, aldaketa gutxi batzuk eragiteraino, batez ere hauteskundeen aitzakiak hartuta —Salvador Illa eta Pablo Iglesias, kasurako—. Handienak, ordea, gaur iragarri ditu Sanchezek, agintaldiaren erdira iristeko urte erdi falta zaionean: «Bidezko suspertzea» helburu duen gobernu moldaketa bat da, haren arabera, «gaztetasuna eta hurbiltasuna ekarriko» duena. Osaketari dagokionez, besteak beste, lehen presidentorde kargua zuen Carmen Calvo gobernutik atera da, eta haren tokia hartu du Nadia Calviño Ekonomia ministroak, «suspertze» horren garrantziari eta EB Europako Batasunari keinu bat eginez.
Oro har, PSOEko pisuzko eta Sanchezen gertukoak ziren politikarietako batzuk geratu dira koalizioaren osaketa berritik kanpo. Calvoz gain, orain arte Garraio ministro kargua zuen Jose Luis Abalos atera da gobernutik, eta alderdiko Antolakuntza idazkari postua ere utziko du; harekin batera, Isabel Zelaa eta Arancha Gonzalez Laia euskal herritarrek ez dute, hurrenez hurren, Hezkuntza eta Atzerri ministro karguetan jarraituko, ezta Espainiako presidentearen kabinete buru izateagatik ezagun egin den Ivan Redondo donostiarrak ere.
Acabo de transmitir al jefe del Estado la composición del nuevo Gobierno. La estructura ministerial se mantiene, se reducen las vicepresidencias a tres y se producen cambios en varias carteras con el objetivo de acometer una recuperación justa, aportando juventud y cercanía. pic.twitter.com/Ndk9LMM1jT
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) July 10, 2021
UPko ministroen kasuan, aldiz, ez da berritasunik izan, eta aldaketa bakarra Yolanda Diaz Lan ministroak izan du, hirugarren presidenteorde kargutik bigarrenera pasatu baita. Hala, Espainiako presidentearen lantaldeak ez du moldaketa sakonik jasan bere egituran, baina Sanchezek aukera hori baliatu du gobernua «gaztetzeko» —batez besteko adina 55etik 50era jaitsi da—, emakumeen presentzia handitzeko —%54 izatetik %63 izatera pasatu dira— eta herritarrekiko «hurbiltasuna» islatzeko, orain arte alkate kargua zuten hainbat politikari sartu baitira koalizioan.
Aldaketen berri emateko prentsaurrekoan, Espainiako presidenteak azaldu du PSOEk eta UPk osatzen duten gobernua lehen baino «politikoagoa» bilakatu dela, eta etzi kargua hartuko dutenetik aurrera «suspertze sozial eta digitalarena» izango dela, baita «berdea eta feminista» ere; finean, «etapa berri bat» abiatu du koalizioak, Sanchezen arabera.
Lantalde berria aurkezteko uneak ez du ezer kasualitatetik. Txertatze prozesuak aurrera jarraitzen du, eta EBren suspertze planeko funtsekin loturiko proiektuak martxan jarri dituzte; hortaz, Espainiako presidentearen iritziz, unea egokia da inbestidura saioan jakinarazitako «aldaketen agendari» berriz eusteko.
Horrez gain, Isabel Diaz Ayusoren Madrilgo Erkidegoko garaipenak nabarmen igo du PP inkestetan, PSOEri aurrea hartzeraino, eta kezka hori egon da gobernuari aurpegi berriak gehitzeko arrazoien artean. Hain justu, Diaz Ayuso Espainiako presidentearekin elkartu zen atzo, Moncloan, eta bilkuraren ostean adierazi zuen Espainiaren eta Sanchezen interesak ez direla «berberak».
Bide beretik jo du gaur PPk, handik egin baitituzte kritika gogorrenak koalizio gobernuko aldaketez aritzean. Cuca Gamarra alderdiaren Diputatuen Kongresuko eledunaren arabera, «txotxongiloak aldatzeak ez du ezertarako balio Sanchezen gobernuan, independentistek hariak mugitzen jarraitzen badute», eta, hortaz, irtenbiderik egokiena hauteskundeetara deitzea litzateke: «Esaten ziguten arazoa Pablo Iglesias zela, Pablo Iglesias joan egin zen, eta arazoak hor jarraitu zuen, arazoa Pedro Sanchez deitzen delako».
Pablo Casado PPko buruarentzat ere, Espainiako presidentearen erabakiak ez dira egokiak izan: «Giza ezkutuak xahutzen ditu, bi urtean hamazazpi ministro purgatuta. Sanchez da Espainiaren arazoa».
Alderdiari ere begira
Koalizio gobernura sartu diren politikariak aztertuta, Espainiako presidenteak PSOEri ere keinu egin dio, profil teknikoagoa zutenetako batzuk atera baititu, eta horien ordez haren alderdikideak sartu baititu; tartean, Isabel Rodriguez —Lurralde Antolaketa ministro eta gobernuaren bozeramaile izango dena— eta Diana Morant —Zientzia ministro—.
Gauza bera PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiarekin, Miquel Iceta Lurralde Antolaketako ministro kargutik Kultura eta Kiroletakora pasatzeaz gain, Raquel Sanchez Jimenez aukeratu baitu Garraio ministro posturako; hortaz, indar politiko horren pisua pixka bat handitu du koalizioan.
Aurrez aipaturikoez gain, honakoak dira Espainiako Gobernuko aurpegi berriak: Pilar Llop (Justizia ministro); Felix Bolaños (Presidentetzakoa); Pilar Alegria (Hezkuntzakoa); eta Jose Manuel Albares (Atzerrikoa).