Alderdiko Zuzendaritza Batzorde Federalaren bileraren ostean egin du prentsaurrekoa Pedro Sanchez PSOEko buruak, eta agerraldia baliatu du Ciudadanosi eta Podemosi koalizioa osatzeko gonbita egiteko. "Hirurok elkartzen gaitu aldaketak, aurrera egiteko borondateak, erreformak egitekoak eta gure bizitza demokratikoa berrituko duen aldaketa egiteko gogoak", adierazi du Sanchezek.
Lehendik ere iragarria zuen buruzagi sozialistak "koalizio handi bat" osatzeko asmoa, baina lehen aldia da zuzeneko mezua helarazten diena beste bi alderdiei. Haiek baiezkoa emango baliote gobernatzeko gehiengo zabala izango luke Sanchezek.