Iraila iritsi orduko hasi da mugitzen Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea eta PSOE alderdiko idazkari nagusia. Gaur eguerdian, Propuesta abierta para un programa común progresista (Proposamen irekia programa komun aurrerakoi baterako) aurkeztu du, Unidas Podemosen eta gainontzeko indar politikoen babesa lortzeko asmoz. Sanchezek hiru aste ditu horretarako: irailaren 23rako akordiorik ez badago, hauteskundeetara deituko dute azaroaren 10ean. Proposamenak badu gobernu programatik, baina baita hauteskunde programatik ere. 370 neurri jaso dituzte 76 orrialdetan. Oro har, PPren lan erreformarekin amaitu nahi dute, pentsio igoera konstituzionalki babestu, eta zergak igo —goi klaseei eta enpresa handiei, bereziki—.
Uztailean, Sanchezek Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruarekin elkarrizketak hasi zituenean, hari aurkeztu zion dokumentutik kanpo utzi zuen Katalunia, bazekielako bi alderdiak nekez jarriko direla ados gaiaren inguruan. Halere, gaur aurkeztu duen dokumentuan ageri da Katalunia: PSOEren esanetan, “ezin da onartu” autodeterminazio erreferenduma, “gizartearen haustura” eragingo lukeelako. “Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko kolaborazioa hobetu” nahi dute, ordea; “autonomien finantzatzeko sistema” aldatzeko asmoa dute horretarako.
Dokumentua “proposamen irekia” da, “aurrera egin nahi dutenekin konfiantza sarea ehundu” nahi du. Helburua argia da: Sanchezek Unidas Podemosek haren inbestiduraren alde egin dezan nahi du, gobernutik kanpo utzita ere. Azken asteotan gizarte zibileko zenbait eragilerekin elkartu ostean osatu du proposamena PSOEk, eta adierazi du Unidas Podemosekin adostu zituen aurrekontu orokorrekin “konektatuta” dagoela.
Sanchezek Iglesiasi “gobernu akordioaren gaineko kontrol sistema zorrotza” eskaini dio, bi alderdien arteko konfiantzarik eza baretzeko asmoz. Gainera, jarduneko presidenteak Unidas Podemosi “ardura nagusiak” eskaini dizkio, “ministro kontseiluaren menpe ez dauden erakundeetan”. Sanchezek honako hau esan du proposamena aurkeztean: “Konfiantzarik eza bada Unidas Podemosekin dugun arazoa, eratu dezagun konfiantza eta ezar ditzagun bermeak. Gure gogoa zintzoa da, ezin gara etsaitu. Aliatu zintzoak izan gaitezke, iraganean izan garen moduan”.
Uztailean huts egindako inbestiduraren ondoren, ez dirudi Unidas Podemos gobernuan egoteko aukerarik dagoenik. PSOEk proposamena jakinarazi baino lehen hitz egin du Iglesiasek, eta adierazi du “nahikoa umiliazio” jasan dutela dagoeneko, eta ezin dituztela “alde batera utzi” botoa eman zieten ia lau milioi pertsona . Gobernu programaz, esan du ez diola “itxura txarrik” hartu. Bi alderdiak etzi elkartuko dira negoziatzen jarraitzeko.