PSEren barne krisia

Sanchezen eskaintza: primarioak urrian eta kongresua abenduan

PSOEko idazkari nagusiak datorren larunbatean aurkeztuko dio proposamena Batzorde Federalari, eta azalpenak eman beharko ditu Galizian eta EAEn emaitzen inguruan.

PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez eta Antolakuntza idazkari Cesar Luena. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
2016ko irailaren 26a
16:31
Entzun

Kongresua egin eta primarioetara deitu nahi du Pedro Sanchezek. PSOEko idazkari nagusiak gaur iragarri du bere asmoa. Aurrera egin ahal izateko, ordea, datorren larunbatean biltzekoa den Batzorde Federalaren langa gainditu behar du, harena baita kongresua antolatzeko eskumena. Horretarako, lehenik eta behin, bere lidergoarekiko kritikoak direnen galderak erantzun beharko ditu Sanchezek; besteak beste, Galizian eta EAEn lortutako emaitza txarren ingurukoak.

PSOEren zuzendaritzaren bileraren ostean irten da prentsaren aurrera Sanchez, bere asmoen berri emateko. Testuingurua azaldu du aurrena, PSOEk hiru aukera zituela nabarmenduz: Rajoyren aurrean abstentzioa ematea, hirugarren hauteskundeak egitea edo gehiengo alternatibo bat osatzen saiatzea. Sanchezek beharrezkotzat jo du hirugarrena, PPrekiko posizio "subalternoan" ez geratzeko. Ordea, aitortu du PSOEn denek ez dutela iritzi bera: "Eztabaida sakona da".

Hortaz, gaia PSOEko oinarrien esku utzi nahi du Sanchezek. Datorren larunbatean Batzorde Federala elkartuko da, eta hari proposatuko dio, batetik, urriaren 23an idazkari nagusia hautatzeko primarioak egitea, eta bestetik, abenduan kongresua egitea. Batzorde Federalari dagokio kongresura deitzea, eta Sanchezek espero du organo horrek "oztoporik" ez jartzea militanteek iritzia emateko aukerari.

Hirugarren bozetarako epemugan

Espainiako Kongresurako hauteskundeetara automatikoki deituko dute, urriaren 31rako gobernuburu bat aukeratzen ez badute. Hortaz, epemuga hori baino astebete lehenago egingo lituzkete PSOEko idazkari nagusia aukeratzeko primarioak. Kongresua, berriz, hauteskundeak egiteko egun batzuen faltan egingo lukete; edonola, hauteskundeak saihesteko aukerarik gabe.

Sanchezek argitu du hauteskunde primarioetara aurkeztuko dela "ezkerrekoa eta PPrekiko autonomoa" den proiektu batekin, baina ez du zehaztu, ordea, zer egingo duen Batzorde Federalak ez badu kongresua antolatzen.

Zenbaitek dagoeneko gaitzetsi dute Sanchezen proposamena. Tartean Edu Madina sozialista, zeinak sare sozialetan kritikatu duen alderdiaren beherakada, eta norabide aldaketaren beharra nabarmendu.

Antolakuntza idazkari Cesar Luenak berak aitortu du lortutako emaitzak ez direla onak. "Bi erkidegoetan lortu ditugu oso emaitza txarrak, eta kanpaina bera zailtasunez betea egon da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.