AEB-ak

Sandersek lortu du garaipena New Hampshiren, baina larri

Bernie Sanders senatariak bildu ditu boto gehien alderdi demokrataren New Hampshireko primarioetan, baina Pete Buttigiegek ordezkari kopuru bera eskuratu du. Errepublikanoen artean, Donald Trumpek ez du aurkaririk.

Bernie Sanders, garaipena ospatzen. JUSTIN LANE / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 12a
11:01
Entzun

Oraindik oso goiz da jakiteko nor izango den demokraten hautagaia AEBetako presidentetzarako, baina primarioen hasiera Bernie Sanders senatariaren eta Pete Buttigieg South Bendeko (Indiana, AEBak) alkate ohiaren arteko lehia estuaren lekuko da. Lehenak alderdiaren ezkerreko ildoa ordezkatzen du, eta bigarrenak, zentroa eta moderazioa. Sandersek lortu du garaipena AEBetako alderdi demokrataren presidentegai izateko bigarren batailan, New Hampshireko primarioetan. Iowako caucus-etan ere berak lortu zituen boto gehien, baina Buttigieg izan zen ordezkari gehien eskuratu zituena. Arantzatxo hori kendu du Sandersek New Hampshiren; ozta-ozta, ordea. Izan ere, biek ordezkari kopuru bera eskuratu dute. Bere garaipena «Trumpen porrotaren hasiera» dela azpimarratu du alderdiaren ezkerraldeko hautagaiak: «Gure kanpaina ez doa [AEBetako presidente Donald] Trumpi irabaztera bakarrik bideratua; AEBak eraldatzea da helburua».

Botoen %94 zenbatuta, Sandersek horien %26 lortu ditu, eta Buttigiegek, %24,4 —4.000 boto ingururen aldea—. Urrun geratu dira Elizabeth Warren senataria (%9,3) eta Joe Biden AEBetako presidenteorde ohia (%8,4), faboritoetako bi zirenak. Izan ere, Amy Klobuchar senatariak ezustekoa eman du, horiei aurre hartuta (%19,7). Gauzak horrela, 2016ko primarioetako irabazle bera izan dute New Hampshiren. Orduan, botoen %60 lortu zituen, Hillary Clinton garaituta. Halere, Sandersek eta Buttigiegek ordezkari kopuru bera lortu dute: bederatzi. Jokoan ziren gainontzeko seiak Klobucharrek lortu ditu. Gainerako hautagaiek ez dute bakar bat ere lortu, ez baitute beharrezko %15a lortu.

Hurrengo geltokia Nevadako caucus-ak izango dira, otsailaren 22an. Luzea da presidentetzarako hautagaitza lortzeko bidea. Denera, demokratek 1.991 ordezkari aukeratu behar dituzte, eta oraindik 65 besterik ez daude zehaztuta. Buttigiegek jarraituko du ordezkari kopururik handiena izaten; denera, 23. Sandersek 21 ditu; Warrenek, zortzi; Klobucharrek, zazpi; eta Bidenek, sei.

Atzoko bozketak hautagai kopurua murrizteko ere balio izan du, eta bederatzi dira aurrera jarraituko dutenak. Andrew Yangek eta Michael Bennet senatariak albo batera geratzea erabaki dute. Yangek botoen %2,8 lortu ditu, eta Bennetek, %0,3.

Trump nagusi

Alderdi errepublikanoa ere ari da bere primarioak egiten. Trumpek, ordea, ez du aurkaririk. Botoen %83 lortu ditu New Hampshiren, eta Iowako garaipena berretsi du. Massachusettseko gobernadore ohi Bill Weld da hari aurka egiten saiatzen ari den bakarra, baina botoen %12 besterik ez du lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.