Batasun irudia eman du Alderdi Demokratak Filadelfian egiten ari den Konbentzioaren aurreneko egunean. Bernie Sandersek babesa eman dio Hillary Clinton presidentegaiari, eta gauza bera egin du Michelle Obamak.
Primarioetan izandako lehiaren ostean, Sandersen babesa garrantzitsua zen Clintonentzat, eta are gehiago, Sandersen hautagaitza ahultzen aritu direla azaltzen duten Alderdi Demokratako Zuzendaritzaren email batzuk publiko egin direnetik. Hala, Clintoni botoa emateko eskatu die bere jarraitzaileei Sandersek, eta lehendakarigaitzarako primarioetan iragarritako "iraultzarekin" jarraitzeko asmoa duela azaldu du.
"Bere ideietan eta lidergoan oinarrituz, Hillary Clintonek AEBetako presidente berria izan behar du", esan du. Eta gero, Clintonek egindako proposamenak ezkerrekoak direla azpimarratzeko saioa egin du, politika horiek errepasatuz. Izan ere, zentristegia dela leporatzen diote Clintoni Alderdi Demokratako zenbaitek.
Michelle Obamak ere hartu du hitza konbentzioko aurreneko egunean, eta diskurtsoari kutsu feminista eman dio: "Clintoni esker, nire bi alabek ez dute zalantzarik egiten emakumezko bat presidente izan daitekeela".