Moldaviak zein norabide hartu erabaki behar zuen atzo, herrialdeko parlamenturako bozetan: EBren aldeko bidea ala Moskura gerturatzekoa. Emaitzak ez du zalantzarik utzi. Alde handiarekin irabazi ditu parlamenturako bozak Maia Sanduren PAS alderdi liberal eta europazaleak.
Jarduneko presidentearen indarrak gehiengo osoa eskuratu du botoetan (%52,6). Ia haren boto kopuru erdia jaso du Vladimir Voronin eta Igor Dodon presidente ohien BECS ezkerreko blokeak. Parlamentuan ordezkaritza lortu du hirugarren indar batek: Berdintasuna Mugimendu Soziopolitikoak, Ilan Shor enpresariaren alderdiak. Botoen %5,8 lortu ditu. Parte hartzea %48koa izan da.
PASen garaipen argiari esker, Sanduk bakarrik gobernatzeko aukera izango du. «Espero dut Moldaviak aro zail bati, lapurren aroari, amaiera ematea. Gure herritarrek parlamentu garbi baten eta jendearen arazoez kezkatzen den gobernu baten onurak sentitu eta ikusi behar dituzte», adierazi du Munduko Bankuko ekonomista ohiak bere Facebook kontuan.