KRISI POLITIKOA BOLIVIAN

Santa Cruzen autonomia eskaera sostengatu du Kongresuak

Mesak, negozioazioak abiatzeko baldintza gisa, autonomia eskuratzeko asmoa bertan behera uztea ezarri du

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Boliviako Santa Cruz eskualdeko Hiri Batzordeak gobernu autonomoa ezartzeko erabakia hartu zuen herenegun gauean. Azken bi asteetan eskualdeko herritarrek protestak egin dituzte erregaien igoera salatzeko, eta horrek eragin du eskualdeak autonomia aldarrikatzea. Hiri Batzordea giza erakundeak, enpresa zein sindikatuetako elkarteek osatzen dute, eta Ruben Costas izendatu dute autonomiako «gobernadore» . Beren aldarrikapenari indarra emateko, milioi erdi sinadura biltzen zituen dokumentu bat eman zioten atzo Parlamentuko presidente Mario Cossiori.

Boliviako Kongresuak, ildo horretan, babesa eman zion atzo autonomia eskaerari. Costas eta Cossio atzo bildu ziren. Legebiltzarreko presidentearen iritziz, «autonomia eskaerak bideratzearren, irtenbideak aurkitzea» zen elkarrizketaren xedea. Costasek, aldiz, ez dutela estatua «desegin» nahi azpimarratu zuen.Heldu den ostiralean bilkura bat egingo dute, eta orduan aldarrikatuko dute gobernu autonomoa. «Santa Cruzeko behin-behineko aurreneko gobernua osatuko dugu», adierazi zuen Costasek. La Pazeko gobernuak, berriz, elkarrizketarako prest dagoela adierazi zuen atzo. Horretarako, ordea, eskualdeko ordezkariek beren «jarrera erradikala» baztertu beharko dutela ohartarazi zuen.Gobernuak urte hasieran hartutako erabaki batek eragin zituen lehendabiziko protestak Bolivian; bereziki, Santa Cruz eskualdean. Erregaiak %25 garestituko zirela ebatzi zuen La Pazek. Jendetzaren protestek, baina, eragina izan zuten neurri horretan; izan ere, presidenteak igoera hori %13koa baino ez zela izango iragarri zuen joan den asteazkenean. Horrek, ordea, ez zituen jendetzaren animoak baretu. Protestak, leundu beharrean, gogortu egin dira azken egunotan. Hiri Batzordeak bultzatuta, berrehun pertsona inguru gose greba egiten aritu dira, herritarrek hainbat eraikin publiko okupatu eta aireportuko joan etorriak blokeatu dituzte. Atzo, baina, azken protesta neurri hori bertan behera uztea erabaki zuten.Costasek, herenegun eman zituen autonomia aldarrikapenaren arrazoiak Santa Cruz hiriburuko plazan bertan bilduta zegoen jendearen aurrean. Boliviako biztanleen %25 eskualdean bizi direla gogoratu zuen, eta estatuko zergen «erdiak baino gehiago» eskualdeko herritarrek ordaintzen dituztela gaineratu zuen: «Boliviako ekonomiaren zutabe nagusia gara». Santa Cruz da herrialdeko eskualderik handiena eta aberatsena. 370.621 kilometro kodro ditu, eta, nekazaritzari, abeltzaintzari eta lur azpian daudenenergia baliabideei esker, estatuaren BPG Barne Produktu Gordinaren herena sortzen du.

Presidentetzako ministro Jose Antonio Galindok gobernuaren jarreraren berri eman zuen atzo: «Tolerantzia eta bake giroa nagusitzea nahi dugu. Konstituzioa zein estatuko instituzioak errespetatu ditzatela eskatzen diegu herritarrei». Santa Cruzeko Hiri Batzordeari, «bakea eta lasaitasuna bueltatzean», elkarrizketa mahai batean esertzeko gonbitea egin zion. Horretarako, ordea, baldintzak jarri zituen: «Batasun nazionala eta indarrean dagoen ordenu legala errespetzea». Agintariak Santa Cruzeko biztanleak zoriondu zituen, gehiengoak «jarrera baketsua» izan zuelako.

Mesasek zerbait susmatu zuen orain bi aste

Presidenteak, halere, erregaiaren salneurriaren aurkako protestek talde txiki batzuen interes politikoak ezkutatzen zituztela iragarri zuen orain bi aste, herrialde osoari igorritako mezu batean. Atzo, elkarrizketarako prest dagoela adierazi zuen Mesasek. Bi baldintza jarri zituen, ordea, hori gertatzeko: protesta ekintzak eta autonomia eskuratzeko asmoak alde batera uztea.

-

Gobernuaren alternatibak





Eskakizunak onartu: Erregaien igoeraren dekretua deuseztatu eta Santa Cruzeko autonomiaren erreferendumerako deialdia onetsiko luke.

Gatazka makaldu arte itxaron: Laister inauteriak ospatuko dira eta horiek berebiziko garrantzia dute Santa Cruzeko eskualdean. Azken protesten amaierak baldintzatuko luke aukera hau.

Herrialdeko buruen arteko elkarrizketa: Herenegun arte, baina, ez ziren hori bideratzeko urratsak eman.

Hauteskunde orokorrak aurreratu: Aurreko alternatibek huts egiten badute, Carlos Mesa presidenteak zuzenduriko exekutiboak aukera honen aldeko apustua egingo luke.

-

PRESIDENTEA



 

Ia alkate guztiek babesa eskaini diote Mesasi





Boliviako ia hiri guztietako alkateek autonomia eskaera hurrengo Asanblada Konstituziogilean eztabaidatzeko eskatu zuten herenegun. Carlos Mesa presidentearei, era berean, babesa eskaini zioten. La Pazeko alkate Juan del Grandok, esaterako, hirietako agintariak arduratuta zeudela adierazi zuen: «Santa Cruzeko Hiri Batzordearen eskaera onartezina iruditzen zaigu». Haren ustez, Batzar Konstituziogilean «Bolivia autonomiko eta federala» berriz sortzeko urratsak egin behar dira. El Alto hiriko alkate Jose Luis Paredesek, berriz, «zentzutasunaren eta zuhurtasunaren bidera» itzuli behar dela iritzi zion.Oruroko alkate Edgar Bazan-ek, alabaina, «zentralismoa» kritikatu eta Santa Cruzen eskaera ez duela ulertzen esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.