Santorumek Romney estutu du Michigango 'caucus'-etan

Inkesten arabera, Romneyk irabaziko du Arizonako bozetan errepublikanoen primarioetan

Erredakzioa
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Rick Santorum Pennsylvaniako senatari izandakoak estutu egin du Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia Michigango caucus-etan. Inkestek soilik bi punturen abantaila ematen diote Romneyri, eta jokoan dauden 30 ordezkariak Santorumekin banatu beharko ditu. Michiganek ez die aparteko abantailarik emango bi hautagaiei AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako Alderdi Errepublikanoaren primarioetan, baina Santorumek irabaziz gero, porrot sinbolikoa litzateke Romneyrentzat. Massachusettseko gobernadore ohiaren jaioterria da Michigan, eta aita bertako gobernadorea izan zen 70eko hamarkadan.

Arizonan ere primarioak egin dituzte, eta inkestek 13 punturen abantaila iragarri diote Romneyri. Irabaziz gero, 29 ordezkari lortuko lituzke. Mormoiak ugariak dira estatuan, eta Arizonako gobernadore Jan Brewerrek babesa eman dio.

Dena den, Romneyk Michiganen bildu ditu indar guztiak, Santorumen beldur. 1,5 milioi euroko kanpaina erraldoi bat egin du garaipena ziurtatzeko, eta «boto eske» ibiltzea leporatu dio bere aurkariari. Santorumek, aldiz, ez du dirutzarik behar izan Michigango herritarren babesa lortzeko. Erlijioa izan da haren kanpainaren ardatza, eta errepublikanoen sektore kontserbadoreenaren eta Tea Partyren babesa lortu du. Estatua eta Eliza banatzearen aurka agertu da Santorum: «Hau ez da Frantzia, hau AEBak dira, eta Jainkoaren aginduak bete nahi ditugu, ez edonork jarritakoak».

Gingrich eta Paul, prestatzen

Newt Gingrich eta Ron Paul beste bi hautagaiek alde batera utzi dituzte Michigan eta Arizona, eta datorren asteko superastearterako lanean hasi dira. Paulek superastearteko caucus-ak prestatuko ditu, eta Gingrich Tenneesee, Georgia, Mississippi eta Alabama estatuetara begira jarri da. Bestalde, Washington estatuan caucus-ak izango dira larunbat honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.