Kolonbiako Hauteskunde Batzordeak emandako behin-behineko datuen arabera, Oscar Ivan Zuluaga Zentro Demokratikoko hautagaia izan da gehien bozkatua hauteskunde orokorretan. Botoen %99,97 zenbatuta, %29,25 lortu ditu Zuluagak (3.759.943 boto), Juan Manuel Santos egungo presidenteak baino ia lau puntu gehiago (%25,69, 3.301.753 boto).
Alderdi Kontserbadoreko Marta Lucia Ramirezek eta ezkerreko Polo Demokratikoko Clara Lopezek emaitza parekoak lortu dituzte: %15,52 eta %15,23, hurrenez hurren. Enrique Peñalosa Aliantza Berdeko hautagaiak, aldiz, %8,28 jaso ditu. Zurian botatu dute hautesleen %5,99k (770.601 boto), eta 311.756 boto baliogabeak dira. Abstentzioa ere handia da, %60koa: 33 milioi lagun zeuden botoa ematera deituta, eta 13,2 milioi lagunek soilik parte hartu dute.
Boto horiek berebiziko garrantzia izango dute hauteskundeen hurrengo itzulian, Santos eta Zuluaga buruz buru lehiatzen direnean. Kolonbiako eskuinaren bi sektore ordezkatzen dituzte. Ramirez, Zuluagaren gisan, Alvaro Uribe presidente ohiaren sektorekoa da —Kolonbiako gatazka bide militarretatik konpontzearen aldekoa—, baina haren alderdiko asko gertuago daude santistengandik.