FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek eta Kolonbiako Gobernuak parte hartze politikoari buruzko akordioa lortu ostean mintzatu da Juan Manuel Santos gobernuko presidentea, bake prozesuarekin kritiko direnei erantzuteko. Haren esanetan, akordioak adierazten du gerrillarekin hitz egiten jarraitu beharra dagoela bakea lortzeko, hala ez egitea kolonbiarrei "traizioa" egitea izango litzatekeelako.
Santosen arabera, "irekitasun demokratiko zabalagoa" lortuko du Kolonbiak akordioaren bidez: "Ulertzen dugu gatazka amaitu ostean gure demokrazia gehiago zabaldu beharko dugula, eztabaida aberastuko duten ahots eta proiektu berrietara zabaldu behar dugula, eta horiei gardentasun eta berdintasun berme guztiak eskaini".
"Jarraitu behar dugu. Hala ez egitea milioika kolonbiarren eta etorkizuneko belaunaldien itxaropenari traizioa egitea izango litzateke", azaldu du Santosek. Bake elkarrizketak etetea "arduragabekeria" izango litzatekeela erantzun die prozesuarekin kritiko direnei.
"Aurrera egiten dugunean, emaitzak ikusten direnean, ez da geratzeko unea, guztiz kontrakoa egitekoa baizik; abiadura handitzekoa, gogo handiagoarekin, gatazkari behin betiko amaiera emateko", adierazi du.
Bigarren akordioa
Gerrillari legezko bideetatik politika egiteko babesa bermatzea adostu dute, baina ez dute zehaztu trantsizioa nola egingo den. Bogota eta FARC negoziatzen hasi eta urtebetera heldu da prozesuko bigarren akordio nagusia. Lehena, lurren auziari dagokiona, maiatzean egin zuten publiko. Ordutik, parte hartze politikoaren inguruan eztabaidatu dute: nola bermatu sektore guztien ahotsa, urte luzez errepresioak eta izuak jotako gizarte batean.