FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak denak batera eta talde bakarrean askatu ditu bahitutako azken hamar polizia eta militarrak. Hasiera batean bahituak bi taldetan banatzekoak ziren, baina erreskate lanak atzeratu egin ziren, eta bahitu guztiak helikopteroetan sartu zituzten ilundu baino lehen. Erreskate lanak egin bitartean, FARCeko bi kidek testu bat irakurri zuten, taldeak ez dituela bahiketa gehiago egingo berretsiz. Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek «txalotu» egin du FARCen keinua eta egindako adierazpenak. Dena den, presidentearen esanetan, keinu hori ez da nahikoa, eta bake prozesuari ekiteko bahitu guztiak, zibilak, askatzeko eskatu dio FARCi.
Erreskate lanetan Nazioarteko Gurutze Gorriko bi kidek eta CCP Kolonbiako Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteko beste bi lagunek parte hartu dute; tartean CCPko presidente Piedad Cordoba egon da. Bahituak askatzeko lanak «odol tantarik isuri gabe» egin direla nabarmendu du Cordobak: «Pozik gaude dena ondo atera delako. Dena den, bahituak askoz ere lehenago askatzea posible zen, baina gobernuak ez digu laguntzarik eman».
Bahituak askatzeko lanetan izan da Amaiurreko diputatu Maite Aristegi, Lokarriko eta CCOOko ordezkariekin batera. Bakerako Munduko Emakumeak taldearekin elkarlanean. Aristegiren arabera, gobernuak erreskate lanak «ezkutatu» nahi izan ditu: «Bahituen senideekin batera iritsi ginen aireportura. Urduritasuna eta poza nabari ziren. Baina bahituak iritsi zirenean, gobernuak senideei ez zien zuzenean hurbiltzen utzi, lehen besarkada ematea galarazi zieten. Oso gaizki hartu zuten hori senideek. Gobernuak ez zuen poz adierazpenik erakutsi nahi, eta FARCek egindako keinuari garrantzia kendu nahi izan dio. Lurreratu bezain laster, lekutik aldendu zituzten bahituak. Guk ez genituen ikusi ere egin». Erreskate lanak amaitu ondoren, Santosek egindakoadierazpenek CCP elkarteko kideak mindu zituen, Aristegiren esanetan: «Presidenteak soilik Brasilen eta militarren lana eskertu zuen, elkarteak eta Piedad Cordobak egindako lana aintzat hartu gabe». Aristegik Kolonbian jarraituko du egun batzuetan, eta preso dauden FARCeko kideen egoera aztertzen saiatuko da CCPrekin batera: «Gobernuak pausoak eman behar ditu, eta denok bultzatu behar dugu bake prozesua. Oraindik asko gelditzen da egiteko».
Nazioartea, gehiagoren eske
Santos ez da FARCi keinu gehiago eskatu dion bakarra izan. Amnesty Internationalek oraindik bahituta dauden zibilak «berehala» askatzeko eskatu du. Gutxienez 400 zibil oraindik FARCen eskuetan daudela uste du Kolonbiako Gobernuak.
NBE Nazio Batuen Erakundeak AEBek eta EB Europako Batasunak ere bahitutako zibilak askatzeko eskaera egin dute. Catherine Ashton EBko diplomazia buruaren esanetan, askatutako militarren senideen poza «partekatzen» du, baina FARCi «bahitu guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko» eskatu dio.
Santosek ez du hasiko bake prozesua, eta bahitu guztiak askatzeko eskatu dio FARCi
Kolonbiak hamar bahituak askatzeko lanak «ezkutuan» egin dituela salatu du Maite Aristegi Amaiurreko diputatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu