Helegiteen ondorioz, bi urte eta erdi behar izan dira argitzeko Nicolas Sarkozy Bygmalion auziarengatik epaituko ote duten ala ez. Kasazio auzitegiak baiezkoa erabaki du; hortaz, presidente ohiak aurre egin beharko dion bigarren auzia izanen da, aitzinetik Bismuth izenekoan baitago epaiketaren esperoan —ustelkeria eta influentzia trafikoa leporatzen dizkiote—. Hil honen 17an, berriz, Parisko Helegite Auzitegiak erabaki beharko du ea onartuko duen ala ez 2007ko kanpaina ustez irregularki finantzatu zuelako egin zioten salaketaren aurka Sarkozyk paratu zuen helegitea; onartu ezean, hirugarren epaiketa baterako bidean paratuko luke.
Bygmalion-en epaiketan argitu beharko dute Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak (UMP) eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten 2012ko presidentetzarako bozen kanpainarako, 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan. Hauteskunde horiek François Hollande PS Alderdi Sozialistako hautagaiak irabazi zituen, bigarren itzulian Sarkozyri gailenduta.
Joan den ekainean, berriz, Kasazio Auzitegiak baieztatu zuen Sarkozy Bismuth auziagatik epaituko dutela, Frantziako presidente ohiaren helegite bati uko eginda; epaiketa horrek ere zeresan handia emanen du, Sarkozy bilakatuko baita agintean zegonenean izandako ustelkeria akusazioengatik epaituko duten V. Errepublikako lehen presidentea —influentzia trafikoa ere egotzi diote—. Akusazioaren arabera, Frantziako presidente ohiak zin egin zion Kasazio Auzitegiko epaile bati ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lortu zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion.
Jacques Chirac da auzitegi batek zigortu duen V. Errepublikako presidente bakarra; agintea utzi eta lau urtera zigortu zuten (2011), baina Parisko alkatea zenean (1977-1995) egindako ekintzengatik —fikziozko enpleguak sortuz diru publikoa desbideratzea egotzi zioten—. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuten kartzelan sartu. Joan den astean zendu zen Chirac, 86 urterekin.