Frantzia

Sarkozy errudun jo dute 2012ko bozetako kanpainaren legez kanpoko finantzaketagatik

Epaileak urtebeteko espetxealdira zigortu du Frantziako presidente ohia; helegitea aurkeztuko duenez, kartzelaldia etengo diote horretaz erabaki arte. Eliseoa utzi zuenetik bigarrenez kondenatu dute.

Nicolas Sarkozy, atzo, Espainiako PPrekin izan zuen ekitaldi baten aurretik, Madrilen. EFE
ander perez zala
2021eko irailaren 30a
11:29
Entzun

Eliseoa utzi zuenetik bigarrenez, Frantziako justiziak herrialdeko estatuburu ohi Nicolas Sarkozy (2007-2012) zigortu du, oraingoan 2012ko presidentetzarako bozetako kanpainaren legez kanpoko finantzaketagatik. Hala, Caroline Viguie epaileak urtebeteko espetxealdia ezarri dio, baina ez du kartzelan sartu beharko, eskumutur elektronikoaren bitartez bete ahalko baitu kondena.

Sententziaren arabera, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu zituzten hauteskunde kanpaina horretan 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete.

Iragan ekaineko saioan, Sarkozyk argudiatu zuen «politikoki eta administratiboki» gainkostu horien erantzule zela, baina ez justiziaren ikuspuntutik. Viguie, ordea, ez da iritzi berekoa, argudiatu baitu «ezinezkoa» zela Frantziako presidente ohiak gastu gehigarri horien berri ez izatea; boz haietan, politikari eskuindarrak Alderdi Sozialistako François Hollanderen aurka galdu zuen bigarren itzulian.

Sententziaren berri izan eta berehala, Sarkozyren abokatuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko diotela epailearen erabakiari; hortaz, pausoa ematean, kartzelaldia etengo diote horretaz erabaki arte. Frantziako presidente ohia ez da auzitegian izan gaur, epaia irakurri dutenean.

Sarkozyrekin batera, beste hamahiru lagun epaitu dituzte, eta horiek ere erruduntzat jo dituzte. Hala, Bygmalion enpresako agintari ohiek 81.237 euro eman beharko diote Errepublikanoak alderdiari, horrek 16 milioi euro eskatu baitzituen «kalteengatik eta interesengatik».

Zigorrik gogorrenak Bygmalionen fundatzaile eta buruzagi Bastien Milloti eta Sarkozyren kanpainako zuzendari izandako Guillaume Lamberti jarri dizkiete, hiru urteko espetxealdia ezarri baitiete legez kanpoko finantzaketan konplize izateagatik; Malloti, urte eta erdiko gibelamenduarekin, eta Lamberti, bi urtekoarekin. Hori bai, haiek ere aukera izango dute kondena eskumuturreko elektroniko batekin betetzeko.

Gaurkoa ez da Sarkozyk aurten izan duen zigor bakarra. Iragan martxoan, Frantziako presidente ohiari hiru urteko espetxealdia ezarri zioten, ustelkeriagatik eta trafiko influentziagatik. Halere, zigorraren bi urte gibelamenduarekin dira, eta, hortaz, soilik urtebeteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre; printzipioz, etxeko atxiloaldi modura bete beharko luke.

Haren abokatu Thierry Herzogi eta Kasazio Auzitegiko epaile izandako Gilbert Aziberti ere zigor berberak jarri zizkieten joan den martxoan. Epaileek frogatutzat jo zuten Frantziako presidente ohiak zin egin ziola Aziberti ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan, trukean berari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion; Christine Mee epailearen arabera, «ustelkeria itun bat» egin zutela dioten froga argiak egon dira.

Zehazki, Sarkozyk jakin nahi zuen zer egoeratan zen 2007. urteko presidentetzako hauteskundeetako kanpainaren finantzaketa irregularrari buruzko beraren kontrako ikerketa. Ustez, garai hartan eskuindarren hautagai izan zenak dirua jaso zuen Muammar Gaddafi Libiako agintaria zenarengandik.

Sarkozy ustelkeriagatik zigortu duten V. Errepublikako lehen estatuburua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.