libia

Sarkozy: "Gure hegazkinak Gaddafiren erasoak eragozten ari dira dagoeneko"

Nazio Batuen ebazpena betetzen hastea erabaki dute Parisen gaur bildutako eragileek. Frantziako hegazkinak Libiako aire eremuan dabiltza, eta batek behintzat tiro egin dio Gaddafiren soldaduen ibilgailu bati. Obama: "Berehalakoan parte hartzeko prest gaude". Gaddafik goizean Bengazi bonbardatu duela ohartarazi du oposizioak, eta nazioartearen parte hartze militarra eskatu du, bestela "hondamendia" gerta daitekeelako. Gaddafik Obama, Sarkozy, Cameron eta Ki-mooni esan die "damutu" egingo zaiela herrialdeko kontuetan sartzen badira.

2011ko martxoaren 19a
18:39
Entzun

"Gure hegazkinak Gaddafiren erasoak eragozten ari dira dagoeneko". Hala esan du gaur ia arratsaldeko laurak zirela Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidenteak Parisen, hemezortzi herrialdek atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Libian parte hartzeko onartutako ebazpenari buruz egindako bileraren ondoren. 14:00etan hasi dute batzarra, eta Sarkozyk jakinarazi du ebazpena betetzen hastea erabaki dutela.

Frantziako presidenteak esan du euren armadako hegazkinak Libiako aire eremuan dabiltzala gaur arratsaldetik, eta Thierry Burkhard armadako buru nagusiak sei eta erdiak aldera jakinarazi du hegazkin batek hiru ordu laurden lehenago Gaddafiren soldaduen ibilgailu bati tiro egin diola.

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak adierazi du eurak ere pronto daudela. "Libian berehalakoan parte hartzeko prest daude AEBak", esan du Brasilen.

Atzo, ebazpenaren berri jakin ondoren, Libiako erregimenak "berehalako" su-etena iragarri zuen, eta operazio militar guztiak bertan behera utzi dituela zioen, "zibilak babesteko".

Hala ere, Abdeljalil Mustafa Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak gaur goizean ohartarazi du Gaddafi agintariaren erregimena ez dagoela tregoan, Bengazi bonbardatzen segitzen duelako. Al Jazzera telebista kateak esan du zortzi lagun hil direla erasoen ondorioz, eta horietako hegazkin batek istripua izan duela Bengaziko auzo batean —hegazkinaren irudiak eman ditu—. Gaddafiren indarrek diote gezurra dela dena, ez dutela erasorik egin. Oposizioaren arabera, Libiako agintariaren hemeretzi militar hil dituzte.

Gaddafik nazioarteko buruzagi nagusiei gaur jakinarazi die "damutu" egingo zaiela Libia barruko kontuetan sartzen badira. Obama AEBetako presidenteari, Sarkozy Frantziakoari, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari eta Ban Ki-moon Nazio Batuetakoari mintzatu zaie Libiako agintaria.

Oposizioari geratzen zaion hiri handi bakarra da Bengazi, eta Mustafak adierazi du "hondamendia" gerta daitekeela baldin eta nazioarteak militarki esku hartzen ez badu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.