Sarkozy jotzen dute inkestek Frantziako bozetako garaile

Liskarrik espero ez duten arren, segurtasun neurriak gogortu egin dituzte, batez ere Parisko bazter auzoetan

arantxa elizegi egilegor
2007ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Jacques Chirac presidentearen ordezkoa izango dena aukeratuko dute gaur Frantzian. Bi dira hautagaiak, baina batek, Nicolas Sarkozy eskuinekoak, abantaila nabarmena ateratzen dio Segolene Royal sozialistari. Inkestek lehenengoari ematen diote garaipena, bederatzi puntuko aldearekin. Iragarpena ezerezean utziko badu, bigarren itzulitik kanpo geratu den François Bayrou zentristaren jarraitzaileen botoak bereganatu behar ditu Royalek. Bayrouk berak Sarkozyren alde ez duela egingo esan duen arren, ez dago argi haren aldekoek zer egingo duten.

Frantzian bertan hauteskundeak gaur egingo dituzte, baina itsasoz haraindiko eskualdeetan atzo joan ziren bozkatzera milioi bat pertsona inguru. Emaitzak, ordea, ez dira gaur arratsaldera arte jakingo. Arratsaldeko zortzietan, hauteslekuak ixten dituztenean, jakinaraziko dute nork irabazi duen itsasoz haraindiko eskualdeetan, eta noren alde bozkatu duten atzerrian bizi diren frantsesek.



AZKEN PRESTAKETAK . Presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak gaurgauean jakingo badira ere, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko kideak prest daude jada Sarkozyren garaipena ospatzeko. ZiurrenikUMPren egoitzan itxarongo du Sarkozyk azken emaitzen berri izateko, baina ez dute baztertzen ospakizunak Eiffel dorrearen inguruetara edo Adiskidetasunaren Plazara zabaltzea. Royalek, aldiz, jada iragarri du, galdu edo irabazi,Latinoamerikako Etxetik egingo duela hitzaldia.

Bestalde, eta liskarrik espero ez badituzte ere, agintariek segurtasun neurriak zorroztu dituzte, batez ere Parisko bazter-auzoetako inguruetan. Horietan istilu larriak izan ziren duela bi urte, Poliziarengandik ihesi zihoazen bi gazte elektrokutatuta hil ostean. Orduan, Sarkozyk «jendaila» deitu zituen auzo horietako gaizkileak, eta ohartarazi zien indarrez garbituko zituela inguruak. Auzo horietan etorkinak eta immigranteen seme-alabak dira nagusi.

Frantzian 44.5 milioi pertsona daude gaur bozkatzera deituta. Parte-hartzea lehen itzulian baino altuagoa izatea espero dute adituek, nahiz eta eskuin muturreko buruzagi Jean-Marie Le Penek eskatu dien jarraitzaileei bozkatzera ez joateko. Horiek hala, ziurrenik gaur gauean bertan jakin ahal izango da nor izango den Frantziako hurrengo presidentea.





############



Soslaia

Aldaketa amesten duen buruzagi sozialista

Segolene Royal
Frantziako Alderdi Sozialistako hautagaia
Irabaziz gero, Frantziak izango duen lehen emakumezko presidentea izango da Segolene Royal (Dakar, 1953) sozialista. Aldaketaren ikurra bilakatu da denbora gutxian Frantziako Alderdi Sozialistako hautagaia. Sozialismoan nagusi ziren betiko buruzagiei aurre hartu ondoren, banderan, segurtasunean eta immigrazioan oinarritutako kanpainarekin bigarren itzuliraino ailegatzea lortu du. Egia da ez duela erraza izango Nicolas Sarkozy eskuineko hautagaiari aurre hartzea -inkestek hari ematen diote garaipena-, baina ez da ahaztu behar aste honetan bertan François Bayrou zentristak keinu bat egin diola.

Frantzia aldatu nahi du Royalek, edo hori iragarri du kanpainan. VI. Errepublika ezartzea da bere lehen helburua, eta horretarako Frantziako Konstituzioa aldatzeko prest dago. Lau oinarri izango ditu errepublika berriak: demokrazia parlamentarioa indartzea; gizarte eragileen lana sendotzea; herritarrei demokrazia parte hartzeko aukera gehiago ematea; eta eskualdeei ere protagonismo gehiago ematea. Horretarako Konstituzioaren erreforma erreferendumera eramatea proposatzen du Royalek.

Proposamen horietako bat, ordea, demokrazia parlamentarioa sendotzea, ez da egungo diputatuen oso gustukoa. Hori aurrera eramanez gero, buruzagiek ezin izango dituzte kargu bat baino gehiago eduki -hori ohikoa da Frantzian-. Royalen iritziz, pertsona bakar batek kargu bat baino gehiago edukitzeak zaildu egiten du Legebiltzarraren lana.

Segurtasuna eta etorkinak dira hautagai sozialistaren kanpainako beste bi oinarriak. Lehen puntuari dagokionez prebentzioaren alde egiten du, eta errepresioa baztertzen. Etorkinei eta pobrezian bizi direnei dagokienez, berriz, aurrekontu handia eskatuko luketen erreformak egiteko asmoa iragarri du. Zeinak, eskuineko hautagaiaren iritziz, ezinezkoak diren. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzearen alde ere agertu da Royal, nahiz eta duela hilabete batzuk aurkako jarrera izan.

Ekonomia arloari dagokionez, Sarkozy ez bezala, 35 orduko asteari eustearen aldekoa da Royal. Horretaz gain, gazteei lan munduan sartzen lagunduko dieten neurriak hartuko dituela iragarri du. Bide beretik, gutxieneko soldata hilabeteko 1.500 eurotara igotzea eta erretiro-pentsioak %5 igotzea hitz eman du.

Frantsesek Europako Batasunarekiko duten interesa handitzeko horrek gizartean dituen onurak nabarmendu ditu, eta dio EBko Konstituzioak instituzioen funtzionamendua hobetzeko eta parte-hartzea bultzatzeko balio behar duela.

Militar baten alaba izanik, emakumeen eskubideen alde egiten zuten horien aurkako kritikak entzun ditu Royalek txikitatik. Baina horrek ez du geldiarazi politikagintzan sartzeko. Inkestak bere aurka dauden arren, ez du itxaropena galdu hautagai sozialistak. ­ A. E.





############



Soslaia

Immigranteen semea immigrazioaren aurka

Nicolas Sarkozy
UMPko hautagaia
Ia ziurra da bere garaipena. Aurkariek ere irabazletzat dute Nicolas Sarkozy (Paris, 1955) UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko hautagaia. Frantziako Barne ministro ohia izandakoak badaki berunezko eskuarekin jokatzen. Argi geratu zen hori Frantziako bazter-auzoetako istiluak hasi zirenean, 2005eko urte amaieran.

Immigranteen semea da, aita Hungariako aristokrata zuen, eta ama, berriz, Greziako judu sefardia. Horrek, ordea, ez du kentzen bere kanpainako puntu nagusietako bat immigrazioaren aurkako neurriak izatea. Sarkozyk proposatzen du Immigrazio Ministerioa sortzea. Hori arduratuko litzateke etorkinak kontrolatzeaz eta soilik langile gaituei sartzen uzteaz. Bide beretik, hitz eman du presidente kargua hartu eta bi urtera inork ez duela kalean lo egin beharko. Ez du azaldu nola lortuko duen hori.

Europako Batasuneko Konstituzioaren auzia izan da eskuineko hautagaiaren kanpainako beste puntu nagusia. Frantzia izan da Bruselak aurkeztutako Konstituzio proposamenari ezetz esan dionetako bat. Arrazoia: Turkiaren sarrera bultzatzen zuela. Sarkozy ez dago Turkia EBn sartzearen alde, eta beraz, Konstituzioa birmoldatzea eta murriztea proposatzen du. Horrek bere alde jarriko ditu eskuineko hautesle asko. Horien eta François Bayrouren jarraitzaileen sostengua beharko du hark bozak irabazi nahi baditu.

Nazioarteko gaietan Irakeko gerraren aurka agertu da. Aldi berean, ordea, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Frantziaren arteko harremanak hobetzearen aldekoa da. Hala azaldu dio George Bushi duela gutxi Washingtonera egindako bisitan.

Ekonomia arloko proposamenak ere frantsesen gustukoak dira. Zergak %4 murriztuko dituela hitz eman du. Horretaz gain, hainbat enpresa pribatizatu eta lan munduko arauak bigunduko dituela ere iragarri du, horretarako 35 orduko astea kenduz. Azken neurri horrek langileen kritikak eragin ditu. Horregatik, horien sostengua ez galtzearren, langileei nahi duten adinean erretiratzeko aukera eman nahi die.

Sarkozyren proposamen guztiak, baina, ez dira horren arrakastatsuak izan eskuineko hautesleen artean. Izan da bat eztabaida handia eragin duena:mezkitei diru laguntzak ematearena. Haren esanetan, laguntza horiek musulmanei Frantziako balioak erakustera bideratuko dira. Baina, laikoa den herrialde batean, halako proposamen batek laudorioak baino kritika gehiago jaso ditu.

Gaur argituko da Nicolas Sarkozyk bere proposamenak egia bilakatzeko aukerarik izango duen, ala hurrengo bozetarako kanpainarako gorde beharko dituen.­ A. E.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.