Bikote homosexualek ezkontzeko aukerarik barik jarraituko dute Frantzian Nicolas Sarkozykpresidente karguan jarraitzen badu. Halaxe hitzeman du hautagai kontserbadoreak berak. «Niretzat familia aita batek eta ama batek osatzen dute, ez bi aitek edo bi amek». France Inter irratian egindako elkarrizketan nabarmendu du, gainera, seme-alaba bat izateko «ezinbestekoak» direla gizonezko bat eta emakume bat.
Bikote homosexualentzat «ezkontzarekiko ezberdina den beste erakunde bat bilatu behar da», Sarkozyren ustez. Hala ere, homofobiak «higuina» eragiten diola esan du presidentegai kontserbadoreak, eta gogorarazi duChristian Vaneste UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko diputatua alderditik bota zutela joan den otsailean, homosexualen kontrako adierazpenak egin zituelako. Nazien garaian homosexualen deportaziorik ez zela egon esan zuen Vanestek.
Presidentetzarako bozen lehen itzulia egingo dute igande honetan Frantzian, eta Sarkozy eta François Hollande parez pare badaude ere, maiatzaren 6ko bigarren itzulian hautagai sozialistari ematen diote garaipena inkestek. Hollanderi botoa emango diotenetako bat itzal luzeko kontserbadore bat izango da: Jacques Chirac Frantziako presidente ohia. Iazko ekainean iragarri zuen 79 urteko politikari erretiratuak hautagai sozialistari emango ziola botoa, eta Jean-Luc Barre haren biografia liburua idazten ari denak berretsi zuen atzo. Berehala erantzun dio Sarkozyk: «Buruko osasun zalantzazkoa duen gizon zahar baten iritziak ez lirateke horrela esplotatu behar».
1995etik 2007ra bitartean bete zuen presidente kargua Chiracek, eta Sarkozyk hartu zuen haren lekua. Agerikoa da bien arteko harremana txarra dela, baina Bernadette Chirac presidente ohiaren emazteak berretsi du bere alderdikideari emango diola botoa, UMPko hautagaiari alegia.
Dena dela, ez da Chirac izango sozialistaren alde egingo duen Sarkozyren gertuko bakarra.Martin Hirsche eta Fadela Amara 2007tik 2010era UMPko gobernuan aritutakoek ere iragarri dute botoa Hollanderi emango diotela. Pobreziaren kontrako elkartasun ekintzen goi mandataria izan zen lehena, eta hirigintzarako Estatu idazkaria bigarrena, François Fillonen gobernu kontserbadorekin biak.
EBZren aldaketak
Bitartean, lehen itzulirako lau egun falta direnean, ekonomiak jarraitzen du lehia politikoaren erdigunean. Hollandek hasieratik erabili duen diskurtsoaren olatua hartu nahirik, berak ere EBZ Europako Banku Zentralean aldaketak proposatuko dituela berretsi du Sarkozyk, ñabardurekin.
«Ez da posible EBZak hazkundearen babesean parte ez hartzea, munduko banku zentral guztiek egiten dutenaren kontra». Hala ere, hautagai sozialistak ez bezala, Europako itunik ez duela aldatuko argi utzi nahi izan du Sarkozyk, horrek denbora asko eta guztien adostasuna eskatzen duelako. Europako itun fiskala aldatzea proposatu du, hain zuzen, Hollandek, murrizketekin batera hazkunde ekonomikorako neurriak ere gehitzeko.
Sozialisten kontrako arma politiko gisa, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernusozialistak lagatako egoera ekonomikoa aipatu du Sarkozyk kanpainan behin eta berriz. Hollandek Espainiako sozialistengandik bereizi nahi izan du bere burua, eta Parisen eta Madrilen egoera ere ez dela berdina nabarmendu du: Espainiak «arazoak» ditu, eta Frantzia, «gaur egun, ez dago arriskuan» merkatuen erasoen aurrean.
Hauteskunde garaia, dena dela, ez da maiatzaren 6an presidente berria hautatu ostean bukatuko Frantzian. Ekainean berriro joko dute hautestontzietara Asanblea Nazionaleko eta Senatuko ordezkariak aukeratzeko.
Sarkozyk ezkontza homosexuala ez du onartuko, berriz presidente izanez gero
Frantziako bozetan Hollanderen alde bozkatuko dute Chiracek eta UMPren hirigintzako Estatu idazkari ohiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu