Sarkozyrekin lehiatuko dena aukeratzeko primarioak hasiko ditu PSk

François Hollande da faboritoa, inkesten arabera, Martine Aubry bigarrenarekiko alde handiarekin

Erredakzioa
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Datorren udaberrian Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan Nicolas Sarkozyren aurkari gisa nor aurkeztuko den erabakitzeko primarioak hasiko ditu gaur PS Alderdi Sozialistak. Prozesu irekia izango da, herritar guztiek izango baitute botoa emateko eskubidea, eta ez soilik PSko 200.000 militanteek.

Hauteslekuetara doazen herritarrek sei hautagai izango dituzte aukeran: Françoise Hollande, orain arteko faboritoa, Martine Aubry PSko idazkari nagusia, Segolene Royal, presidentetzarako hautagai izandakoa, Manuel Valls, Arnaud Montebourg, eta Jean Michele Baylet, Ezker Erradikalaren Alderdiko presidentea.

Hautagaien artean alde handiak daude bozketa prozesua abiatzerako. Azken egunetan kaleratu dituzten inkesta guztiekirabazle bera iragartzen dute behintzat: Hollande, gainontzeko hautagaiekiko alde handiarekin. Le Figaro egunkariak argitaratutako inkestaren emaitzek, esaterako, botoen %43 Hollandentzat izango direla diote, %28 Aubryrentzat, %11na Royal eta Montebourgentzat, eta %6 Vallsentzat.

Hala ere, gaurkoa primarioetako lehen itzulia baino ez da. Hautagairen batek botoen erdiak baino gehiago eskuratzen baditu, ez dute bigarren itzulirik egingo,presidentetzarako hautagai aurkezteko txartela lortuko baitu zuzenean. Osterantzean, gaur botorik gehien lortzen duten bi hautagaiak datorren asteburuan lehiatuko dira berriz.

Aspaldiko ikusmin handiena

Alderdi Sozialistak eskura dituen baliabide guztiak erabili ditu primarioak iragartzeko, prozesu horrek datorren urteko hauteskundeetara begira kanpaina egiteko balio diolako. Telebista bidez eman dituzten sei hautagaien arteko eztabaida saioek ere audientzia marka guztiak hautsi dituzte. Iragan asteazkenekoa, esaterako, 3,7 milioi lagunek ikusi zuten. Sarkozyren arrakasta asko jaitsi da boterean daramatzan lau urteotan, eta herritar gehienen iritzia da primarioetan irabazten duena izango dela hurrengo Frantziako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.