Sarkozyren alderdia, gero eta zatituago

Frantziako presidenteak laikotasuna eta islamaren inguruan eztabaidatzeko sustatu duen ekimenak hautsak harrotu ditu UMPnFronte Nazionalaren gorakadari aurre egite aldera jarrera ezbedinak izan ditu alderdiak

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete geratzen da Frantziako presidentetzarako hauteskundeetarako, eta ika-mikak eta zatiketak pilatzen ari dira UMP Herri Mugimenduaren Batasunean. Kantonamenduetarako bozetan —martxoaren 20an eta 27an—,Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiak gora egin zuen, eta abagune horren inguruan hartu beharreko jarrerak desadostasunak sortu zituen; orain, eztabaida antolatu dute laikotasunaren bilakaeraz, eta hautsak are gehiago harrotu ditu agintean den eskuineko alderdian.

Jean-François Cope UMPko idazkari nagusiak eta Nicolas Sarkozy presidenteak bultzatu dute jardunaldi hori, eta atzo hasi zen, Parisen. Laikotasuna, Frantziako eredu bat? leloa izango du ardatz lehen mahai inguruak; hala ere, horrek baino askoz ere kalapita gehiago piztu du jardunaldiko bigarren eztabaidak: Frantziako Islam baterantz; egon diren bilakaerak eta oraindik egon beharrekoak. Frantziako musulmanek, baita sektore aurrerakoi guztiek ere, oso gaizki hartu dute ekimen hori. Haien irudiko, gauzak horrela planteatzeak, nola edo hala, musulmanak gaizki ikusteko moduan kokatzen ditu. Ikuskera makurtze baten arriskuaz ohartarazi dute, aho batez, Frantziako sei erlijio handienetako arduradun gorenek, orain dela astebete plazaratutako agirian.

Eztabaida horren asmoa azaldu orduko, kritikak, desadostasunak eta salaketak zabaldu dira, ez soilik ezkerreko munduan, baita alderdiaren barnean ere. Aurkako jarrera ozenetatik bat Herve de Charette diputatu zentristak eman du aditzera, Batzar Nazionalean. Atzerri ministro izandakoari (1995-1997) «oso arraroa» iruditzen zaio estatu laiko bateko agintari politikoek eztabaida sustatu izana erlijio baten praktikatzeaz. De Charetteren esanetan, «zer esango litzateke, agintari politikoek erabakiko balute erlijio katolikoak, protestanteak edo juduak Frantzian daukaten lekuaz eztabaida bat antolatze kasuan?».

Frantziako diplomaziaburu ohiak adierazitako salaketarekin bat etorri da UMPko beste goi arduradunik ere. Hasiera batean eztabaidarekiko zalantzak agertu bazituen ere, egitea zilegi dela azaldu du François Fillon lehen ministroak. Haatik, jardunaldi horretara bera ez agertzea oso adierazgarritzat jo dute politika adituek.

Dena den, Fillonen gobernuko 30 ministroetatik hamarrek bakarrik parte hartuko dute ekimenean. Muzin egin diotenen artean daude Gerard Larcher Senatuko presidentea, Jean-Louis Borloo ministro zentrista ohia, Dominique Paille UMPko eledun izandakoa eta François Sauvadet diputatu zentristen burua.

Fronte Nazionalarekin epel

Analista gehienek nabarmendu dute laikotasuna eta islama eztabaida batean bateratzea alderdiko sektore eskuindarraren ekimen bat gehiago dela, FN Fronte Nazionalari botoa ematen dioten herritarrak berreskuratze aldera. Sektore horren eraginez ere nagusitu da kantonamenduetarako hauteskundeen bi itzulien arteko «ezezko bikoitzaren» jarrera. Bigarren txandan lehiatu diren eskuin muturreko 400 hautagaiak sozialista edo ezkerreko beste norbaitekin lehiatzean «ez bataren eta ez bestearen alde» egiteko jarrera inposatu baitu Sarkozyk. Horrela jokatuz, fronte errepublikanoari uko egin dio presidenteak; FNri aurre egiteko xedez eskuin eta ezkerreko errepublikanoek elkarri boto emateko adostutako estrategia izan da hori.

Sarkozyren jarrerak, baina, zalaparta piztu du alderdiaren barnean, arduradun eta hautetsi andanak, baita gobernukide batzuek ere, FNren kontrako boto egitea hobetsi dutelarik. Bi itzulien artean, adierazpen andana plazaratu dituzte alderdiko arduradunek, egundoko anabasa eta zalapartak eraginda. Argi da ezezko bikoitzaren auzi horrek zauri handiak utzi dituela UMPn, eskuin gogorrenaren eta gainerakoen artean.

PS Alderdi Sozialistari onura egiten dio zatiketa horrek datorren urtean egitekoak diren presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Haatik, ezker aldean ere desadostasunerako auzirik ez da falta, horietarik handienetan delarik energia nuklearrari buruzko jarrera. PSko agintari asko ez dira nuklearraren aurkakoak, are gutxiago komunistak, bai ordea berdeak eta ezker muturreko NPA, LO eta Ezkerreko Frontea. Bozen inguruko negoziazioak, beraz, zailak izango direla aurreikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.