Turkiako Osasun ministroaren azken datuen arabera, dagoeneko 86 pertsona hil dira gaur goizean Ankaran bakearen alde egitekoa zen martxaren kontrako atentatuan. Zaurituak ehundik gora dira; 186, azken datuen arabera.
Ankarako sendagileen elkargoak salatu egin du atentatuen tokian Turkiako Poliziak negar gasa erabili duela eta horrek zaurituak artatzea oztopatu duela.
Bakea, lana eta demokrazia leloarekin egiteko zen manifestazioa hasi eta berehala izan da atentatua, Ankarako tren geltokiaren inguruan. Lehen datuen arabera, atentatu suizidak lirateke. Oraingoz, ez du inork hartu bere gain atentatua.
Martxaren deitzaileek Kurdinstango indarkeria egoera salatzea zuten helburu. Iragan uztailean PKKren eta Turkiaren arteko su-etena indargabetu zenez geroztik, ehundik gora lagun hil dira. Besteak beste, HDP alderdi kurduak hartu du parte protestan.
Hauteskundeak azaroaren lehenean
Turkiako presidente Tayyip Erdoganek gogor gaitzetsi du atentatua, eta gerrillari kurduen atentatuekin alderatu du. HDP alderdi kurduak, baina, ekainaren 5eko mitin batean izaniko leherketarekin lotu du erasoa, eta Turkiaren eskua ikusi du leherketen atzean. Bi hildako izan ziren ekaineko leherketa hartan. Bi egun geroago ziren Turkiako Parlamenturako hauteskundeak.
Hain justu, azaroaren lehenean dira berriro ere hauteskundeak. Horren harira, PKK-k su-etena iragarri du; azaroaren lehena bitarteko menia emango duela adierazi du. Hala ere, defentsarako eskubidea gordetzen duela zehaztu du.
Menia iragarpena egun bat aurreratu du PKK-k; Remzi Kartal agentziaren bidez jakitera eman duenez, atentatuen ostean erabaki dute iragarpena aurreratzea.
Protestak Turkian eta Ipar Kurdistanen
Atentatua gaitzesteko hainbat manifestazio egin dira Turkian eta Ipar Kurdistanen. Istanbulen, jendetza batu da protesta horietako batean.